Eusko Jaurlaritzak Plentziako Itsas Estazioko eraikin historikoa mantentzearen eta haren ikerketa-jarduerari eustearen alde egin du

0
  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bi urteko emakida proposatu du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin, eraikina Kultura Ondasun deklaratzearekin lotuta
  • Amaia Barredo: “Ondare-balioa duen eraikin bat babestu nahi dugu eta, aldi berean, Plentziako Itsas Estazioak erreferentziazko itsas ikerketarekin jarraitu ahal izatea bermatu”

Eusko Jaurlaritzak Plentziako helioterapia-ospitale zaharraren eraikin historikoa, gaur egun EHUko Plentziako Itsas Estazioaren (PIE) egoitza dena, mantentzearen eta bertan egiten den itsas ikerketako jarduerari jarraitzearen alde egin du. Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak baldintzak proposatu ditu Plentziako Udalari itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan okupatzeko baimen berria emateko, Espainiako Gobernuak planteatzen duen eraikina eraisteko aukeraren aurrean.

Proposamenak bi urteko emakida ezartzen du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin, baldin eta egungo baldintzak mantentzen badira eta berariazko baldintza bat betetzen bada: epe horretan eraikina Kultura Ondasun deklaratzea. Emakidaren xede den azalera 2.485 metro koadro ingurukoa da, eta ikerketa-jarduerarekin lotutako itsasoko ura hartzeko eta husteko beharrezko hodiak ere barne hartzen ditu.

“Eraikin hau Plentziako paisaiaren eta oroimenaren parte da eta, gainera, zuzenean itsasoarekin lotutako jarduera zientifiko bat hartzen du, gure ustez balio handikoa dena. Gure erantzukizuna da kostaldearen babesa, ondarearen kontserbazioa eta ikerketaren jarraipena bateragarri egiteko aukera emango duen irtenbidea bilatzea”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Eraikina 1923an eraiki zen, helioterapia-ospitale gisa, eta 2009an birgaitu ondoren, jatorrizko konfigurazioari eusten dio eta EHUko Itsas Estazioaren unibertsitateko ikerketa-jarduera hartzen du. Gaur egun, Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren Inbentarioan babes ertaineko proposamena du eraikinak, eta Plentziako udal-katalogoan ere ageri da, nahitaez kontserbatu beharreko ekipamendu gisa.

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak eraikinaren balio kulturala, arkitektonikoa eta paisajistikoa itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren kudeaketan txertatzen du. Izan ere, Arartekoak adierazi du balio horiek eraikina zaintzea justifikatzen dutela, eta babes ertaineko kultura-ondasun gisa deklaratzeko aukera formalki aztertzea proposatu du.

Proposamenak, gainera, klima-aldaketak eraikinean dituen eraginen jarraipen espezifikoa jasotzen du. Horretarako, bi urtean behin txosten teknikoak egingo dira, itsas mailaren bilakaera eta eraikinari eragin diezaioketen edo itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren gaineko arriskuak areagotu ditzaketen beste faktore batzuk ebaluatzeko. Era berean, segurtasun-plan bat eta eguraldi-gertaera kaltegarrien eta itsasertzeko arrisku-abisuen aurrean jarduteko protokolo bat ezarri beharko dira.

Proposamen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak egungo erabilera zientifikoari eustea ahalbidetuko duen irtenbidea planteatzen du, aldi berean eraikinaren ondare-babesean aurrera egiten eta kostaldearen bilakaerarekin duen bateragarritasuna aldizka ebaluatzen den bitartean.