Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak 40 urte bete ditu euskal basoekiko konpromisoari eutsiz

0
  • Erakundeak lau hamarkadako ibilbidea ospatu du, baso-jabeen ordezkaritzan eta mendien kudeaketa jasangarriaren defentsan egindako lana aitortzeko
  • Amaia Barredo sailburuak amaiera eman dio  ekitaldiari, eta basogintza-sektoreak Euskadiko garapen ekonomikoari, ingurumenari eta gizarteari egiten dion ekarpena nabarmendu du

Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak 40. urteurrena ospatu du gaur, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. Basogintza-sektoreko eta erakundeetako ordezkariak bildu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baso-jabeen elkarteen arteko lankidetzan egindako lau hamarkadako ibilbidea aitortzeko. Elkarte horiek euskal basoen kudeaketarekin, babesarekin eta etorkizunarekin konprometituta daude.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok amaiera eman dio ospakizunari, eta Konfederakundeak lurraldearentzat funtsezkoa den jarduera baten defentsan egindako ibilbidea nabarmendu du. «Gaur egun Euskadin ditugun basoak zuek egindako erabakien emaitza dira; izan ere, inbertitu, lan egin eta gure nortasunaren parte den ondarea zaindu duzue«.

Euskadiko lurraldearen % 68 baino gehiago baso-azalera da, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik balio handiko ondarea. Egurra ekoizteaz gain, basoek karbonoa xurgatzen laguntzen dute, biodibertsitatea sustatzen dute, lurzorua eta ura babesten dituzte eta lehengai berriztagarria eskaintzen dute. Horrez gain, jarduera ekonomikoa, enplegua eta landa-eremurako aukerak sortzen dituzte.

Funtzio horiek guztiak mantentzeko, Barredo sailburuak baso-kudeaketa aktibo eta jasangarriaren beharra azpimarratu du; horretarako, ezagutza, plangintza, segurtasun juridikoa, inbertsioa eta epe luzerako ikuspegia behar dira. Ildo horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela dagoeneko Euskadiko Egurraren Plan Estrategikoa 2030 planarekin. Plan horrek ibilbide-orri partekatua ezartzen du sektoreak gaur egun dituen erronka nagusiei erantzuteko eta basoaren eta zuraren kate osoa indartzeko.

Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko presidente Jose Antonio Zabala Egurrolak erronka horietako batzuk aipatu ditu: basoak tenperatura altuagoetara egokitzea, izurriteak eta gaixotasunak agertzea, suteak prebenitzea eta baso-jabeen eta basogintzako profesionalen belaunaldi-erreleboa bermatzeko zailtasunak. Horri aurre egiteko, lankidetzak beharrezkoa izaten jarraitzen duela adierazi du.

Urteurrena ospatzeko ekitaldian, «Historia partekatua, baso-etorkizunerako erronka berriak» izeneko mahai-ingurua ere egin da. Hego Europako Baso-jabeen Batasuneko (USSE) zuzendari Leire Salaberriak moderatu du saioa. Konfederazioko azken hiru presidenteek hartu dute parte eztabaidan: Jose Antonio Zabala Egurrolak eta haren aurreko Julian Unanue Bereciartuak eta Iñigo Minguez Ojembarrenak.