Jaietan gertatutako eraso sexistak salatu dute Bilboko Konpartsek

0

Larunbat gau honetan, Bilboko Aste Nagusiko jaietan, bi eraso sexista izan direla salatu dute Bilboko Konpartsek. Horren harira, elkarretaratzea egin dute igande arratsalde honetan, erasoak gaitzesteko eta horren inguruko xehetasun gehiago zabaltzeko (momentuz, Ertzaintzaren aurrean ez dute salaketa ofizialik aurkeztu).

Konpartsek azaldu dutenez, erasoak txosna-gunetik kanpo jazo ziren, eta genero-indarkeriarekin lotutako kasuak kudeatzeko Bilboko Konpartsek sortutako batzordeari jakinarazi zioten hainbat herritarrek.

Elkarretaratzean parte hartu dute Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Dominguez txupinerak, eta horren amaieran, konpartseroek agiria irakurri dute. «Hainbat lagunek eskainitako informazioari esker, hori egiaztatu eta baieztatu ostean, erasoei aurre egiteko protokoloa aktibatu genuen«, azaldu dute konpartsek.

Salatu dutenez, eraso sexistek «emakumezkoen giza-eskubideen urraketa dakarte, eta espazio publikoaz, eta oro har jaiaz, gozatzeko gure eskubidearen aurka doa».

Konpartsek oharatazi dutenez, ez dute horrelako jarrerarik «onartuko», eta «ezin dugu beste alde batera begiratu». «Egunero emakumeei askatasunez aritzea galarazten dien indarkeria sexistagatik gogaituta gaude«, azpimarratu dute.

«Kaleak, gaua, jaiak emakumezkoenak ere dira», esan dute, «eta erasorik gabeko esparruak nahi ditugu, baldintzarik gabe emakumeok gozatu ahal izateko».