Cabacasen heriotzari buruzko epaiketa epaiaren zain geldituko da gaur

0

Gaur amaituko da Bizkaiko Lurralde Auzitegian Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ahozko epaiketa. Aldeek ondorioen txostena aurkeztuko dute, eta auzia epaiaren zain geldituko da. Gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, egun batzuk lehenago Ertzaintzak San Mames inguruan jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota.

Guztira, sei ertzain eseri dira akusatuen aulkian, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat.

Hamabigarren eta azken saioan, aldeek azken ondorioen txostena aurkeztuko dute, hau da, akusazio partikularrak, defentsak eta fiskaltzak beraien jarrera argudiatu beharko dute.

Orotara, 80 lekuko baino gehiagok deklaratu dute epaiketan. Dena den, Fiskaltzak ez du bere hasierako jarrera aldatu. Fiskaltzak ez du delitu aztarnarik ikusi, eta defentsak egin bezala, absoluzioa eskatu du auzipetutako sei ertzainentzat. Akusazio partikularrak, ostera, lau urteko kartzela zigor eskaerari eusten dio.

Gaurko saioaren ondotik, auzia epaiaren zain geldituko da.