Urte arteko inflazioa % 2,2 eta % 2,5era igo da EAEn eta Nafarroan, urrian

0

Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa % 2,2 eta % 2,5 hazi da urrian, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera. Urte arteko inflazioa hamarren bat igo da iraileko datuekin alderatuta, bai EAEn eta baita Nafarroan.

Azken hilabetean, berriz, prezioak % 1,1 eta % 0,9 garestitu dira, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan.

Urtea hasi denetik, prezioak % 1,8 igo dira EAEn eta % 1,7, ostera, Nafarroan.

Euskadin, garraioaren garestitzeak eragin du, batez ere, prezioen igoera. Nafarroan, berriz, etxebizitzaren eta garraiobideen prezioak igo dira gehien.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian eta Gipuzkoan urte arteko inflazioa % 2,2 hazi da urrian eta % 2, ostera, Araban. Iraileko datuekin alderatuta, prezioek gora egin dute hiru lurraldeetan: Araban, % 1,3; Gipuzkoan, % 1,1; eta Bizkaian, % 1. Urtea hasi zenetik, Gipuzkoan garestitu dira gehien prezioak (% 2,1), Arabaren eta Bizkaiaren aurretik (% 1,7).

Espainiako Estatuan, urte arteko tasa % 2,3 hazi da. Gainera, azken sei hilabeteetan urte arteko inflazioa % 2aren gainetik kokatu da. Azken hilabetean, KPIak % 0,9 egin du gora, irailean baino zazpi hamarren gehiago.