Kultura Ondarea birgaitzeko esku-hartzeak egiteko dirulaguntzen epea hilabete amaieran irekiko da

0

Bizkaiko Foru Aldundiak kultura ondare arkitektonikoa kontserbatzeko duen konpromisoarekin loturik, kultura ondarea birgaitzeko esku-hartzeak egiteko dirulaguntzak onartu ditu datorren urterako.

Foru Erakundeak 300.000 euro bideratzen ditu dirulaguntzen lerro honetara; xedea Bizkaiko ondasun higiezinak birgaitzeko eraikuntzako esku-hartzeak egitea da, balio kultural nabarmena dutenak eta sendotzeko, birgaitzeko eta zaharberritzeko ekintzak behar dituztenak.

Onetsi den foru dekretuak jasotzen duen bezala, dirulaguntza jaso ahal izango dute kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku-hartzeak gauzatzeko proiektuek, bai eta katalogatutako ondasun higiezinak dokumentatzeko proiektuek ere. Halaber, laguntzak jaso ditzakete  Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren esku-hartze irizpideekin egiten diren eraikinen kontserbazio edota zaharberritze lanek. Diruz lagundu ahal izango dira, bestalde, zaharberritu beharreko ondasunaren mugaketan sartutako espazioen urbanizazio-obrak.

Beharrezkoa izango da Bizkaian dauden eraikin horiek monumentu, kalifikatu edo inbentariatu, izendatuta egotea Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera, udal plangintzak katalogatuta edo katalogazio-proposamenen batean edo Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak egindako inbentarioren batean sartuta egotea.

Dirulaguntza hori eskatzen duten pertsona guztiek aurreikusita izan behar dute 2020. urtean gauzatzea dirulaguntzaren xedea den esku-hartzea.

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu beharko dira (Maria Díaz de Haro kalea 11, Bilbo) edo Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, esteka honetan: https://www.ebizkaia.eus/es/inicio

Eskabideak aurkezteko epea 2019ko urriaren 29tik 2020ko urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik, biak barne.