Bizkaiak 48 milioi bideratu ditu euskara eta ondare kulturala sustatzeko

0

Datorren urterako Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 48.042.000 euroko aurrekontua du.

Lorea Bilbao diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian zehaztu duenez, 7.427.000 euro euskarara bideratuko dira, 29.460.000 euro kulturara, 8.260.000 euro kirolera eta 2.895.000 euro Zerbitzu Orokorretara.

Bizkaiko Foru Aldundiak arlo estrategikoetan euskararen biziberritzearen alde lanean jarraituko du, hala nola, kirolean, aisialdian, lan munduan eta euskararekin lotutako produktu eta zerbitzuen sorreran. Halaber, Foru Erakundeak eutsi egingo dio bizkaitarren euskalduntzea sustatzeko egiten ari zen ahaleginari, 580.000 euroko inbertsioarekin.

Gainera, Aldundiak bizkaiera bultzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, hainbat proiektu babestuz eta 710.000 euroko partida duten ekimenak martxan jarriz. Teknologia berriak esparru garrantzitsua dira eta arlo horretan ere euskararen presentzia areagotzeko lanean jarraitzen du Sailak, hain zuzen ere Azkue Fundazioak garatutako proiektuen bidez, 278.360 euroko partida batekin. Ildo beretik, diputatuak adierazi du euskara Bizkaiko Foru Aldundian zerbitzu- eta lan-hizkuntza izateko lanean jarraituko dutela. Ildo horretan, 970.000 euro erabiliko dira Aldundiaren VI. Euskara Plana abian jartzeko eta foru erakundean euskararen erabilera sustatzeko mikroplanak garatzeko. Euskaltzaindiari 355.000 euroko laguntza emango zaio, Bizkaiko udalei 1.016.000 euroko laguntza emango zaie euskararen erabilera sustatzeko. Halaber, aurrerantzean ere hainbat erakunderekin batera lan egitea izango da Sailaren ardatzetako bat.

Kulturari dagokionez, transmisioaren, garapenaren eta sustapenaren alde lanean jarraituko du foru erakundeak.