Etxerik gabeko pertsonentzako neguko aterpeen dispositiboa martxan ipini du Bilboko Udalak

0

Gaur bertan aktibatu du Bilboko Udalak egoitza-bazterketa larriko egoera dauden pertsonentzat neguko aterpeen dispositibo berezia.

Guztira 91 plaza ireki dira: 20 Claret Sozial Fondoan eta 71 Altamirako aterpetxean. Muturreko tenperaturak dauden gauetarako, 62 ohe egongo dira: 8 plaza gehiago Claret Sozial Fondoak kudeatutako zentroan, 40 Gurutze Gorriak kudeatutako zentroetan eta 14 Altamiran. Dispositiboa aurreikusitakoa baino egun batzuk lehenago jarri da martxan, datozen orduetarako tenperatura eta baldintza klimatologiko txarrak aurreikusi baitira.

Udal zerbitzu hau uriko kaleetan bizi diren etxe bako pertsonentzat da, baldin eta plaza faltagatik, baldintzak ez betetzeagatik edo bestelako arrazoiengatik ez badira sartu premiazko alojamenduen sare egonkorrean edo beste egoitza-aukera batzuetan. Horrela, muturreko eguraldia dagoen hilabeteetan, etxerik gabeko pertsonek alojamendu horietara joateko aukera daukate eta, aldi berean, hotzaren eragina murrizten dute eta euren osasuna babesten dute. Oheaz gainera, zerbitzu hauetan gosaria eta afaria ere eskaintzen dira.

Aterpeen gaueko dispositiboan sartu ahal izateko, erabiltzaileek baldintza hauek bete behar dituzte, besteak beste: adinez nagusi izatea; baliabide ekonomikorik ez edukitzea; premiazko egoeran egotea; Bilbon hiru hilabetez jarraian bizitzen egotea; krisi egoera larrian ez egotea eta/edo bizikidetzarako onargarriak ez diren portaerak izatea; inoren laguntza behar duen mendetasun egoera batean ez egotea; tratamendurik gabeko gaixotasun infekto-kutsakorrak ez izatea; eta alojamenduko baliabideetan zehapen larria edo oso larria ez izatea.

Ostatua lortzeko sistemari dagokionez, funtsezko prestazioak jasotzeko programaren bidez egingo da, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak kudeatua (Uribarri kalea 1. Tel.: 944701460)Larrialdietan, berriz, kaleko taldearen bidez edo Udaltzaingoaren bidez (092-112). Udalak, Gizarte Ekintza Sailaren bidez, modu koordinatuan lan egiten du Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko arretako baliabideekin (eguneko zentroak edo jantoki sozialak, besteak beste), egoera zaurgarrietan dauden pertsonak detektatzeko.