Las Carreraseko hirigunean trafiko astunaren eragina murrizteko lanak amaitu dira

0

N-634 errepideak Abanto-Zierbenako auzoa den Las Carreras herrigunea zeharkatzen duenean trafiko astunaren inpaktua arintzeko jarduketak amaitu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Apirilean trafikoa baretzeko hartutako neurriari orain Bi-3794 errepidearen hobekuntza gehitu behar zaio, A-8 autobidearen eta Petronorren artean zirkulatzen duten kamioientzat alternatibarik onena izango dena.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako  diputatuak, Imanol Pradalesek, azaldu duenez Muskizen Bi-3794 errepidean egindako obran zorua birsortu da errepide horretako 2.410 metroko tartean, Petronorren instalazioak inguratuz findegirako sarbideak zuzenean A-8 autobidearekin lotzen dituenean. Trafiko astunaren bolumen handiak errepide horren sostengu-ahalmena hondatu zuen eta derrigorrezkoa izan zen 34 tonatik gorako ibilgailuak bertatik ibiltzea debekatzea.

Errepidea lehengoratzeko hondatutako guneak konpondu eta zorua sei zentimetro handitu dute. Era berean, euste-sistemak eta seinaleak hobetu dira zenbait puntutan  eta galtzadarekiko paraleloan doan bidegorriaren drainatzea hobetzeko aprobetxatu da. Urriaren hasieran hasi eta azaroko lehen astean bukatu den obra honek 630.421 euroko inbertsioa behar izan du.