Eusko Jaurlaritzak, Elikaduraren Klusterrak eta Carrefour, Eroski, Mercadona eta Uvesco banatzaileek elikagaien erosketa arduratsua egiteko deia egin dute

0

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) ondoriozko osasun-larrialdiko egoera kontuan hartuta, eta COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera ezartzen duen Errege Dekretua indarrean sartu denez, eta aurreko egun hauetan kontsumitzaileek eman duten gizarte-erantzuna ezagututa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikaduraren Klusterrak, Carrefourrek, Eroskik, Mercadonak eta Uvescok, Euskadikoak eta Euskadiko elikagaien merkataritzaren arloko enpresa nagusiek, honako mezu hau bidaltzea adostu dute:

  1. Euskadik elikadura-kate egituratu eta orekatu bat du, herritar guztientzako elikagai-hornidura eta -hornikuntza bermatzeko.
  2. Orain arte ezagutzen ez genuen ezohiko egoera batean egon arren, elikadura-kateko katebegiak osatzen dituzten agenteek osasun-agintariek eskatutako prebentzio-neurriak ezarri dituzte, eta kate osoaren gaitasunak handitu dira. Ondorioz, beren jarduera berme osoz garatzeko eta elikadura-produktuen ekoizpenaren, eraldaketaren, banaketaren eta salmentaren funtzionamendu egokia eskaintzeko prest daude.
  3. Egun hauetan, kontsumo-fenomeno neurrigabe bat gertatu da, salbuespen-egoerak eragindakoa, eta salmenten igoera asko handitu da une batzuetan.
  4. Agiri honen sinatzaileek euskal herritarrei dei egiten diete kontsumo arduratsuko praktikarekin bat egin dezaten eta elikagaien salmenta-guneetara joan daitezen, unean uneko benetako beharraren proportzioan erosteko.
  5. Elikadura-katea profesionalek osatzen dute, eta errespetatu eta lagundu egin behar ditugu, alarma-egoera horretan beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten.
  6. Gure ustez, kontsumo logikoko eta zentzuzko praktika bat aliaturik onena izango da, Retaileko salmenta-guneetako profesionalek (baserritarrak, arrantzaleak, elikagaien eraldaketa eta industria, logistika (biltegia eta banaketa) behar bezala jardun ahal izan dezaten. Azpimarratzekoa da profesional guztiak egiten ari diren ahalegina, eta, bereziki, egoera berezi horietan jendeari arreta zuzenean ematen dioten pertsonak, oso lan biziarekin eta erabat agerian.
  7. Une honetan, Elikadura Kateak bere gain hartzen du zaindu behar dugun zerbitzu publikoko funtzioa.
  8. Era berean, erakundeek, eragile ekonomiko eta sozialek berriki hartutako konpromisoa gogorarazteko aprobetxatzen dugu, elikagaien xahutzea gutxiagotzeko. Frogatuta dago elikagaien gehiegizko kontsumo batek xahutze hori handituko duela.
  9. Osasun-agintariek zehaztu dituzten autobabeserako neurriak gogorarazi nahi ditugu, eta, gainera, beste pertsona batzuekiko segurtasun-tartea beti mantentzea gomendatzen dugu, erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea eta ahal den guztietan txartelarekin ordaintzea.
  10. Eskertzen dugu herritarrek Euskadiren elikaduran jartzen ari diren konfiantza, eta kontsumo arduratsua egiteko gomendioa onartzea eta praktikan jartzea espero dugu.