Ionan Marigómez, Europako Ingurumen Toxikologia eta Kimikako Elkarteak saritua

0

Ionan Marigómez Plentziako itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) zuzendaria saritu du Europako Ingurumen Toxikologia eta Kimika Elkarteak (SETAC Europe). SETAC Europe Sarien Programak gizabanakoek edo norbanako-taldeek ingurumen-zientziei egindako ekarpen nabarmenak aintzatesten ditu. Programa horren sari nagusiak zientzialari baten karrera ezohikoa saritzea du helburu, Noack Laboratorien konpaniak basbetua. Aurten, Ionan Marigómez izan da “2020 Noack Laboratorien Outstanding Science Career Award” izena duen sari horren irabazlea.

“Oso gauza berezia izan da niretzat, kriston ohorea, hunkigarria benetan. Bestalde, gure ikerketa-taldearentzat, Plentziako itsas Estazioarentzat eta, oro har, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat oso aitortza polita izan da; izan ere, ospe handiko saria da gure esparruan, nazioarte mailako saria baita. Dozenaka zorion jaso ditut jada mundu guztitik”, adierazi du Ionan Marigómezek.

Sariak ingurumen-zientziari egindako ekarpena eta ingurumen-zientziei buruzko ezagutza zabaltzeko diziplinarteko jardueren “historia bikaina” aitortzen ditu. Ionan Marigómezek, epaimahaiak azpimarratu duenez, “ingurumen-zientzien ezagutza eta ulermena komunikatzen eta zabaltzen eta ikasleak, profesionalak eta publikoa hezten nekaezin lan egiten du”.