UPV/EHUren jardunaldi ireki birtualak

0

UPV/EHUk lehen jardunaldi ireki birtualak egingo ditu maiatzaren 18tik 27ra. Bertan, martxorako aurrez aurreko jardunaldiak aurreikusita zeuzkaten eta atzeratu behar izan zituzten Arabako Campuseko sei ikastegiek hartuko dute parte. Bestalde, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak Bizkaiko Campusean ematen dituen graduak ere aurkeztuko ditu.

Jardunaldiak UPV/EHUn 2020-2021 ikasturtean ikasketak hasi nahi dituztenei zuzenduta daude, eta helburu dute informazio zehatza ematea eta hautaketa-prozesua erraztea.

Jardunaldi ireki birtual bakoitzak ikastegi bakoitzeko graduei buruzko informazio-saio bat izango du eta, jarraian, saio interaktibo bat antolatuko da parte hartzaileek zalantzak argitu ditzaten. Honetarako, parte hartzaileek plataformaren bitartez hitz egin ahal izango dute fakultate edo eskola bakoitzeko hizlariekin, graduen zalantza espezifikoak argitzeko, bai eta gure unibertsitateko orientazio-teknikariekin, gai orokorragoak argitzeko.

Jardunaldi bakoitzean parte hartzeko ezinbestekoa da jardunaldia hasi baino bi egun lehenago arte izena ematea. Inskribatutako pertsona bakoitzari, aukeratutako saiora konektatzeko esteka bidaliko zaio. Konexio hori mugikorretik edo ordenagailutik egin ahal izango du, programa espezifikorik instalatu gabe.