Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu azken hilean

0

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu duela hilabete martxan jarri zenetik, eta kontsulta horien ia erdia (% 47,5) langile autonomoek egin dituzte. Kontsulta gehien jaso dituen sektoreak antzerkiarena (153), ikus-entzunezkoena (146) eta musikarena (125) izan dira. Gainera, kontsulten % 95,4 lotuta egon dira administrazioek abian jarritako laguntza eta prestazioekin Covid 19ren krisiak kulturaren munduan izan dituen ondorioak arintzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultura-arloko langileei zuzendutako aholkularitza-zerbitzu hau abian jarri zuen apirilaren 24an, Covid 19ren krisiaren ondorioei aurre egiteko bultzatutako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia errazteko. Zerbitzua Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaintzen da (kulturklik.euskadi.eus/asesoria /), eta, gainera, kultura-sektore desberdinetako profesionalei eta eragileei zuzendutako bi gida eskaintzen dira.

Kontsultak egin dituzten herritarren % 47 inguru autonomoak dira, eta besteren konturako langileak, berriz, ia % 25. Halaber, % 8 beste batzuen kategorian kokatu dira, eta beste % 8 sozietate mugatu gisa. «Beste batzuk» kategoriaren barruan daude, adibidez, azken hilabeteetan inolako diru-sarrerarik izan ez duten pertsonak, besteren kontura edo autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak eta arazo gehigarriak izan ditzaketenak (etxea uztea).