Arrontegi ikastetxeko patioan aterpea eraikitzeko lanak hasiko dira

0

Arrontegi ikastetxeak jolastoki estali berria izango du datorren ikasturtean. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak aurkeztu du aste honetan egiten hasiko diren lanen proiektua. Auzoko hezkuntza-komunitateak gehien espero duen proiektuetako bat da, eta aurten bertan  bihurtuko da errealitate Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskutik, 506.765,53 euro inbertitu baititu lan horietan.

Zehazki, 850,55 metro koadroko patioa estaliko da, kirol-pistari (664,86 metro koadro) eta haurrentzako jolastokiari (173,35 metro koadro) dagokiona, alegia. Eguraldi txarretik hobeto babesteko, plano bertikalak sortzea erabaki da ekialdeko eta mendebaldeko estalkiko material berarekin, oskolaren ideiari jarraituz. Gainera, estalkiak hegal bana izango ditu iparraldean eta hegoaldean, kirol-pistaren inguruko espazioak estaltzeko. Obrek gutxienez lau hilabete iraungo dute.

«Familiek eta Arrontegi ikastetxeko irakasleek irrikaz espero zuten albistea da, proiektuan oso inplikatuta egon dira eta. Horregatik, badakit obra honen hasiera motibazio bihurtuko dela denentzat, are gehiago Covid-19ak ikasturtea eten ondoren, datorren ikasturtean ilusio bat gehiago izango dutelako ikastetxean normaltasuna berreskuratzeko «, adierazi du alkateak.