Bizkaiko Aldundiak eskualdeko konpostaje-plantak ezartzea bultzatu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko konpostaje-plantak martxan jartzeko lizitazio-prozedura hasi du. Foru erakundearen beste aurrerapauso bat da, frakzio organikoaren bilketa eta tratamendua zabaltzeko helburua lortze aldera, gure lurraldean bosgarren edukiontzian (edukiontzi marroia) gaika biltzen diren bio-hondakinen kopuru gero eta handiagoak behar bezala kudeatzeko gaitasuna areagotuz. Era berean, bio-hondakinen birziklatze-tasa handitzeko konpromisoaren adierazpena da, Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralean (HHKPI) jasotzen zenaren ildotik, eta arlo honetan une hauetan prestatzen ari den III. HHKPI arautuko duen filosofiarekin bat etorriz.

Eskualdeko planta horiek ezartzean, gainera, hondakin mota horren kudeaketa deszentralizatuko da eta, horren ondorioz, hondakin horien kamioi-ibilbideak murriztuko dira, baita tratamenduaren ondoriozko konpostaren garraioa ere, zerbitzuaren eraginkortasuna areagotuz. Horrek, era berean, berotegi-efektuko gasen isurketa murriztea ekarriko du eta bio-hondakinen bilketa eta tratamendua jasangarriagoa izango da.

Eskualdeko instalazio horiek osatuko dituzten elementuak erostearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundia eta Garbiker azterketa-prozesu bat garatzen ari dira ekipamendu berriak zein eskualdetan ezarriko diren zehazteko, kontuan hartuta, besteak beste, sortzen diren mota horretako hondakinen kopurua edo eskualdeen eta orain frakzio organikoaren tratamendua egiten den instalazioa den Konpostegiko instalazioen artean dagoen distantzia. Prozesu hori aurtengo udazkenera arte luzatuko da.

Aste honetan Garbikerrek irekitako lizitazioari dagokionez, konpostajeko hiru erreaktore bertikal, bi pala kargagailu teleskopiko, bi birringailu eta hiru bahetzaile erostea aurreikusten du; izan ere, bio-hondakinen tratamendurako erabiltzen diren sistemak aztertu ondoren gure lurraldearen ezaugarrietara hobekien egokitzen den aukera dela erabaki da.

Konpostaje bertikaleko sistemen abantaila prozesuaren espazio-beharrak ahalik eta gehien murriztea da. Kanpoaldean egon daitezke, eta instalatzeko ez da obra handirik behar. Garbikerrek erosiko dituen erreaktoreen kasuan, egunean gutxienez 8 tona bio-hondakin tratatzeko gaitasuna izan beharko dute, eta inausketa birrindua gehitu ahal izango zaie, materiala egituratzeko beharrezkoa bada. Gainera, foru sozietate publikoak sistema modulagarri bat aukeratu du, behar izanez gero instalazioen gaitasuna pixkanaka handitzeko aukera emango duena.