Bizkaiko Foru Aldundia eta Elkargi lankidetzan ari dira ekintzailetza eta berrikuntza finantzatzeko

0

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak web plataforma bat aurkeztu dute, I+G+b proiektuak garatu nahi dituzten startup eta enpresa txiki eta ertainen eta horien finantzaketan parte hartu nahi duten enpresen arteko topagune izango dena, Bizkaiko Sozietateen gaineko Zergaren arauaren 64 bis artikuluak eskaintzen dituen abantaila fiskalen bitartez.

Elkargi 64 bis Elkargik berak garatu du, eta indartu egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren finantzaketa-bide berriak ahalbidetzen dituzten formula berriak aztertzen jarraitzeko egiten duen apustua.

«Gure enpresak, elkarlanean, indartsuagoak dira.  Eta zure eskura jartzen duguna topagune bat da, aukerak partekatzeko leku bat.  Eta 64bis artikuluaren eskutik egitea, enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren zerbitzura dagoen berrikuntza publikoaren adibidea da.  Bizkaiko Foru Aldundiaren berrikuntza.  Eta honekin denok irabazten dugu.  Bizkaiak irabazten du.  Horregatik da hain garrantzitsua hori aktibatzea, eta horregatik da hain garrantzitsua enpresek haien prestasuna ezagutzea.  Izan ere, ezin dugu egun bat galdu berreraikuntzan, eta laguntzen duten tresna guztiak ongi etorriak dira. Plataforma hau berreraikuntzarako tresna bat da», azaldu du Unai Rementeriak.

Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiaren hitzetan, plataforma digital honek «enpresa proiektuen arteko finantziaziorako eta elkarlanerako aukera berriak zabaltzen ditu. Finantza topagune berri bat da, finantzen eta zergen arloan, bai proiektu kontsolidatuei bai hasierako fasean daudenei mesede egiten diena». «Eredu berritzaile bat da, zeinean gainera, emango diren transakzioak Elkargik garantizatzeko aukera egongo den, operazioen arriskua ezabatuaz».

Elkargi 64 bis programak aukera emango die enpresei eta startupei I+G+b proiektuak ezagutarazteko haiek finantzatzeko gaitasuna duten beste ETE batzuei.  Plataformak lehen kontaktua egin ahal izateko balioko du, eta, ondoren, bi aldeek finantzaketa-kontratuaren baldintzak negoziatu beharko dituzte.

Plataforman argitaratzen diren proiektu guztiak behar bezala berrikusiko dira, eta I+G+b proiektu gisa kalifikatzeko dagokion txostena izango dute, BEAZek edo SPRIk emana (Bizkaiko Foru Aldundiak hura doan emateko organo eskudun gisa onartutako erakunde publikoak). Kalifikazio-txosten hori ez da ikusgai egongo erakunde finantzatzaileentzat, baina segurtasun juridikoaren bermea da, bai proiektua garatzen duen enpresarentzat, bai finantzaketan parte hartzen duenarentzat.

Elkargik modu aktiboan parte hartuko du, eta horrela dagokionean, finantzazioa burutzen duen enpresari zenbatekoa garantizatuko dio, operazioen arriskua ezabatuaz.