‘Adineko pertsonen elikadurari buruzko gida praktikoa’ liburua

0

Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak argitaratu berri du ‘Adineko pertsonen elikadurari buruzko gida praktikoa’, lehenago gaztelaniaz argitara emandako argitalpenaren euskarazko bertsioa. Liburuak bizitzako etapa horretarako gomendioak biltzen ditu, nutrizioaren ikuspuntutik.

UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako gidaliburuaren helburua da adinekoen elikadura egokia izatea lortzeko jarraibideak ezartzea. Espezialistek azaldu dutenez, “jarraibide horiek ematean, bizitzaren etapa horretako elikaduran eragina duten faktore ugari hartzen dira kontuan. Adibidez, adineko pertsonek zentzumenetan zein funtzio fisiologikoetan jasaten duten funtzionaltasun murrizketaren ondorioz egin beharreko egokitzeak ezartzen dira. Halaber, pertsona horiek jarraitzen duten tratamendu farmakologikoaren arabera hartu behar diren neurriak azaltzen dira. Hori oso garrantzitsua da; izan ere, botiken eta elikagaien arteko interakzioak ugariak dira, eta adineko pertsona askok botika asko hartzen dituzte”. Gidaliburuak ebidentzia zientifikoan eta, jakina, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen (SEGG) eta Nutrizio Parenteral eta Enteralaren Espainiako Elkartearen (SENPE) Adostasun Dokumentuan oinarritutako gomendio batzuk ematen ditu.

Gidaliburuaren kapituluetan zehar, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak, adinekoen patologiarik ohikoenak eta haientzat gomendatutako nutrizio premiak eta ahorakinak ezagutu ahal izango ditugu. Gainera, beste kapitulu batzuetan, alderdi dietetiko orokorrak azaltzen, botikek mantenugaien erabileran dituzten okerreko ondorioak aipatzen eta dauden laguntza zerbitzuak deskribatzen dira. Gidaliburuak, halaber, adinekoen elikadura aztertzeko eranskin batzuk eskaintzen ditu.

Egileek adierazi dutenez, argitalpena “biztanleria orokorrari zuzenduta dago lehenik eta behin, eta, zehazkiago, oraindik autonomoak diren, bakarrik bizi diren eta, beraz, beren elikaduraz arduratzen diren adinekoei. Eta, halaber, adinekoak kargura dituzten pertsona gazteagoei. Bestalde, ez da ahaztu behar adinekoen ehuneko handi bat egoitzetan bizi dela. Horregatik, gidaliburu hau erakunde horientzat eta adinekoei janaria ematen dieten beste geriatria zentro batzuentzat ere bada. Azkenik, egoitza batzuetan janaria catering enpresek ekartzen dutenez gero, gidaliburu hau haientzat era baliagarria izan daiteke”.

Liburuan parte hartu zutenak dira Virginia Andia, Gasteizko Udaleko ‘San Prudentzio’ Adinekoentzako Zentro Integraleko dietista-nutrizionista, eta UPV/EHUko honako irakasle hauek: Carlos Abecia Inchaurregui, Osasun Publikoko Sailekoa, Enrique Echevarría Orella, Fisiologia Sailekoa, eta Alfredo Fernández Quintela, Iñaki Milton Laskibar eta María Puy Portillo Baquedano, Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldekoak eta Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiako CIBEReko kideak (Carlos III Osasun Institutua).