Osakidetzan, Hezkuntzan, Arkauten eta EHU-n lan egiten duten langile publikoen prestakuntzara 1,3 milioi euro bideratuko dituzte

0

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lau hitzarmen berritzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Osakidetzako, Hezkuntzako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile publikoen prestakuntzarako. Helburua lau erakunde horietan lan egiten duten langile publikoen planak eta prestakuntza-programak berritzea da, bai eta horien finantzaketa arautzea ere.

  • Hezkuntza Sailarekin hitzarmena: irakasleei prestakuntza emateko da, eta gehienez 525.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Osakidetzarekin hitzarmena: pertsonal sanitarioari eta ez-sanitarioari zuzenduta, dela osasun-eremuan, dela osasun-kudeaketako eta -administrazioko arloetan. Horien prestakuntzarako bideratzen den zuzkidura gehienez 537.000 eurokoa izango da.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) hitzarmena: administrazioko eta zerbitzuetako langileei prestakuntza emateko da, eta gehienez 45.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin (Arkaute) hitzarmena: langile publikoei zuzenduta, prestakuntza Arkauteren eskumenekoa denean. Sinatutako prestakuntzak gehienez 230.000 euroko zuzkidura izango du.

Berritutako lau hitzarmenak 2020ko abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean eta honako ekintza hauek ere jasotzen dituzte:

  • Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
  • Ikaskuntza-sareak ezartzea, aldi baterakoak edo iraunkorrak.
  • Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
  • Erakundeak garatutako prestakuntzaren inguruan aprobetxamenduaren, transferentziaren edo inpaktuaren ebaluazioarekin lotura duten ikasketak.

Gainera, lau hitzarmenek jasotzen dute honako hau zehazten duen klausula bat: “gutxienez, programatutako prestakuntza-ekintza bat emakume eta gizonen berdintasunaren arlokoa izan behar da”. Eusko Jaurlaritzak, horrela, langile publikoei prestakuntza eman nahi die, gero herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu publikora eraman ahal izateko berdintasun-politika horiek.