Etxebizitzen birgaitze integrala sustatzeko Renove programaren aurrekontua %37 areagotu dute

0

Gobernu Kontseiluak onetsi du gaur etxebizitzen eta eraikinen birgaitze integral eta eraginkorrerako aurtengo laguntzen deialdia (Renove Programa Integrala); izan ere, bere aurrekontua % 37,5 handitu du, 6,4 milioi eurotik 8,8 milioi eurora. Atzo aurkeztu zuten programa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko arduradunek

Programaren zenbatekoa nabarmen handitu da eta horrek erakusten du nolako garrantzia ematen dion Sailak Euskadin 1980a baino lehen eraiki zen etxebizitza-parkea berritzeari; kasu askotan, bizigarritasun-arazo larriak ditu. Eraikitako ondarea birgaitzearen aldeko apustua Etxebizitzaren Plan Gidariaren ardatz estrategikoetako bat da; izan ere, eraikin zaharretan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du, hiriak suspertzen ditu eta, hala, lurzoru berriak kontsumitzeko beharrik egon gabe eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu.

Laguntzen helburua 40 urtetik gorako eraikin komunitarioen efizientzia energetikoa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da, haiek baitira eraikinen ikuskapen teknikoetan (EIT) gehien antzematen diren defizitak. Hala ere, aurtengo deialdian lehen aldiz jaso da etxebizitzen kanpoko bizigarritasuna hobetzea eta, horretarako, balkoi edo terrazak sortu edo handitzea, baldin eta udal-ordenantzek eta eraikinaren baldintza fisikoek horretarako aukera ematen badute. Dirulaguntza jaso dezakeen jarduketa berri hori dator etxebizitzaren espazio horiek besteak beste Covid-19ak ekarri duen derrigorrezko konfinamenduan hartu duten garrantziaren ondorioz.

Renove Integral programaren onuradun izan ahalko dira gutxienez sei etxebizitzako etxadiak osatzen dituzten bizitegi-eraikinetako jabe-erkidegoak edo gutxienez etxadiaren alde bat eraikita duten eta sei etxebizitza edo gehiago dituzten bizitegi-multzoak. Honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, besteak beste: fatxaden eta teilatuen isolamendua, galdarak ordeztea, igogailuak jartzea, zero kotako obrak atarietan eta oztopo fisikoak kentzea sarbideetan, beroa berreskuratzeko aireztapen-sistemak ezartzea eta inguratzaile termikoa hobetzea. Jarduketa horiek guztiak batera egin beharko dira obra edo jarduketa berean, eta eraikinaren efizientzia energetikoa gutxienez C kalifikaziora iritsi beharko da, bai CO2 isurketei dagokienez, bai lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoari dagokionez, eta, era berean, bide publikotik etxebizitza bakoitzera iristeko aukera bermatu beharko da, mailak dituzten desnibelak libratu beharrik gabe.

Laguntzak esleitzeko orduan, lehentasuna izango dute birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan dauden birgaitze-proiektuek, edo Ezkerraldeko, Meatzaldeko edo Oarsoaldeko udalerrietan daudenek, bai eta etxebizitza guztien % 50etik gora errentamendu babesturako dituzten higiezinetarako jarduketek ere.