Arma zuri batekin eraso egiteagatik atxilotua Bilbon

0

Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo, Bilboko San Frantzisko auzoan labana batekin beste bati eraso egitea leporatuta. Hainbat lekukok eman zuten gertaeraren berri eta identifikatu zuten erasotzailea. Biktimak zauriak zituen besoan eta bizkarrean, baina ez zuen lekuan bertan artatzea nahi izan.

Atzo arratsaldeko zortziak bost gutxian gertatu zen Bilboko erdigunean. Hainbat lekukok eman zuten Bilboko San Frantzisko auzoan sortu zen liskar baten berri, eta tartean arma zuriren bat zegoela ere jakinarazi zuten. Ertzaintzaren hainbat baliabide hurbildu ziren adierazitako lekura, eta gizon batek besoan eta bizkarrean arma zuri batekin egindako zauriak zituela ikusi zuten.
Biktima ez zen laguntzeko prest agertu, eta ez zuen nahi izan osasun-zerbitzuek bertan artatzea. Azkenean bere kontura joan zen osasun-zentro batera. Lekukoek jakitera eman zuten inguruan eserita zegoen gizon bat izan zela biktimari labana batekin eraso egin ziona.
Ertzainek, beraz, identifikatu eta arrastatu egin zuten susmagarria, berarekin zuen motxila batean aurkitu baitzuten erasoan erabilitako labana. Atxilotua, 49 urtekoa, poliziaren egoitzara eraman zuten beharrezko izapideak egitera. Horiek amaitu ondoren, datozen orduotan eramango dute epailearen aurrera.