Udal instalazioak garbitzeko enpresak aurkeztutako fakturak ordaintzen ari da Barakaldoko Udala

0

Gaur goizean ziurtatu du Barakaldoko Udalak orain arte udal instalazio eta lokalak garbitzeko zerbitzuaz arduratzen den enpresak aurkeztutako fakturak ordaintzen ari dela, eta, horrenbestez, langileek galdatutako uztailari dagokion aparteko lansariaren ordainketa enpresaren erantzukizuna dela.  Udalean dauden azken fakturak, uztailen emandako zerbitzuei dagozkienak, aste honetan bertan ordainduko dira, fiskalizatu bezain laster. Azkeneko faktura abuztuaren 3an aurkeztu zuen enpresak.

Covid-19ak eragindako pandemiak zenbait aldaketa ekarri zituen udal zerbitzuak emateko moduan, bai eta erakundeek ordaintzekoan ere. Horrela, bada, Madrilek alarma egoerarako dekretuz emandako araudiari jarraituz, enpresek kalte-ordain gisa zenbait diru-kopuru kobratzeko eskubidea dute, zerbitzurik eman ez badute ere, Covid-19aren karietara instalazioak itxita eduki izanagatik. Baina, horretarako, estatuaren araudiarekin bat etorriz, enpresek izan dituzten gastuen frogagiriak aurkeztu egin behar dituzte, eta, batez ere, langileen nomina eta kotizazioei dagozkienak.   Udal eraikin eta lokalen enpresei dagokienez, kalte-ordainen zatirik handienari dagokion zenbatekoa oraintsu izan da onetsia, enpresari tramite horri buruzko azalpenak eman, eta, behin eta berriro, zenbait kontzepturen frogagiriak galdatu eta gero.  Enpresak ez du oraindik aurkeztu uztaileko fakturetako kontzeptuei dagozkion 11.000 euro inguruko  ordainketari buruzko dokumentazioa. Udalak berriro eskatu dio enpresari dokumentazioa aurkez dezala, baina oraindik ez du aurkeztu.