Idoia Asurmendiren kontzertua Azkoitian

0

Datorren igandean, irailak 6, Idoia Asurmendik eta bere taldeak kontzertua eskainiko dute, Matadeixen. 12:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak eskuratzeko mataderoekintzak@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da aurrez, ‘Idoia Asurmendi sarrerak’ gaia idatzita.

Asurmendiren proiektuaren helburua arte ezberdinen fusioa egitea da, besteak beste, poesia, ilustrazioa edota animazioa uztartuz, nola ez, tresna nagusia musika izanik. Asurmendiren piano doinuak eta ahotsa, ordea, ez dira bakarrik arituko Matadeixen, orain dela gutxi sortutako talde baten laguntza izango baitu: Oriol Flores (perkusioa), Julen Barandiaran (baxu elektronikoa) eta Andoni Garcia (gitarra). Alderdi bisuala, bestalde, Nora Goialde artistak landuko du.

Duela urte gutxi hasi zen Asurmendi bakarlari lanetan, herriz herri kontzertuak emanez. Euskal abestien eta atzerriko pop-rock eta soul giroko abestien bertsioak egiten zituen hasiera batean, baina orain, kantuak konposatzen ditu; Maria Osesen poesia ere uztartzen du bere lanean. Musikarekiko zaletasuna familiatik jaso zuen Asurmendik, eta abesbatza desberdinetan parte hartu zuen gero; piano ikasketak ere egin zituzten. Aurten, gainera, musika ikasketak pedagogiako espezialitatean hasi ditu Musikenen.