Erosi Zarautzen bonu kanpainak harrera ona izan du

0

COVID-19k eragindako pandemia dela eta, Zarauzko Udalak 2020-2021 aldirako Suspertze eta Eraberritze Planean jasotako ekintzak garatzen jarraitu du. Murkilen laguntzari esker, uztailaren hasieran martxan jarritako «Erosi Zarautzen 2020» bonu programaren lehen zatiak «harrera bikaina» izan du, Iker Basurko (EAJ-PNV) Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera.

Guztira, Zarauzko Udalak 39.970 euroko inbertsioa burutu du, 30 euroko balioa duten 3.927 bonuetan banatuta. Bonuak saltoki bakoitzak zuzenean eman dizkio erosleei, gutxienez 30 euroko erosketaren truke; beraz, bezeroak 20€ ordaintzen zituen, eta Udalak gainerako 10€.

Kanpainaren lehen zati honetan 119 enpresak parte hartu dute, erdia MURKILGO bazkideak dira eta gainerakoak momentuz ez; izan ere, saltoki eta zerbitzu-enpresa asko ari dira elkartearekin harremanetan jartzen bazkide egiteko.

«Oro har, saltokiek kanpaina hau eskertu dute. Zerbitzuen sektoreko saltoki gehiago atxikitzearen falta sumatu dugu. Lanean jarraituko dugu sektore guztietara iristeko kanpainaren bigarren zatian eta Suspertze eta Eraberritze Bulegoan egiten ditugun hurrengo ekintzetan» zehaztu du Basurkok.

Garapen Ekonomikoko zinegotziak gaineratu duenez, «Ekintza hau bi zatitan banatzea erabaki genuen, ziur baikaude tokiko kontsumoa berriz suspertzea oso lagungarria izango dela udazkenean. Udazkena eta negua urtaro zailak dira, aurten askoz gehiago, eta ahal dugun neurrian sektore hauek laguntzen jarraitu behar dugu».