Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa Zibersegurtasuneko Foro Nazionalean sartu da

0

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa (BCSC) Zibersegurtasuneko Foro Nazionalean (FNCS) sartu da. FNCS-ren barruan daude, besteak beste, gizarte zibileko kideak, sektore pribatuko ordezkariak, aditu independenteak eta sektorearekin erlazionatutako hainbat elkarte eta organismo, eta bere helburua da ekimenak proposatzea Segurtasun Nazionaleko Kontseiluari eta sinergia publiko-pribatuak sortzea. Hala, BCSC eta Euskadiko zibersegurtasunaren ekosistema zibersegurtasun-sektorearen garapenari buruz hartuko diren Estatuko erabaki guztien erdigunean kokatu dira. Momentuz, BCSC da bere izenean parte hartuko duen autonomia mailako zibersegurtasun-zentro bakarra, eta bere ahotsak aukera abantailatsuak sortuko ditu sektoreko tokiko industriarentzat.

Zibersegurtasuneko Foro Nazionala joan den uztailean sortu zen, eta une hartan bertan luzatu zion gonbidapena Zibersegurtasuneko Euskal Zentroari eta, zehazkiago, Javier Diéguez zuzendariari, “Industria eta I+G+B bultzatzeko” lantaldean parte hartzeko. Lantalde horren helburuak dira zibersegurtasuneko zerbitzuen eskaintza eta eskaera handitzea, zibersegurtasuneko industriak nazioarteko merkatuetan duen papera indartzea, zibersegurtasuna sustatzea ETEetan eta autonomoen artean, eta sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza bultzatzea zibersegurtasuna hobetzeko.

Euskadik zibersegurtasun-sektorean duen irudia indartu egingo da, zeren Javier Diéguezek ez ezik, gure ekosistemako agente talde handi batek (hala nola, Tecnalia, Ikerlan, Vicomtech, Mondragon Unibertsitatea, Countercraft eta OpenCloud Factory) ere parte hartuko baitu “Industria eta I+G+B bultzatzeko” lantalde horretan.

Horrez gain, badaude beste bi lantalde FNCS-ren barruan: “Zibersegurtasunaren kultura”, zeinetan parte hartzen duen Ingecom euskal enpresak eta “Prestakuntza, Gaikuntza eta Talentua”, zeinetan parte hartzen duen Xabier Mitxelenak (CyBasque-ko presidenteak).

Euskadi, Estatuko erreferentzia zibersegurtasunaren garapenean

Euskadik, BCSCren eta Eusko Jaurlaritzako sail desberdinen eskutik, esperientzia aski frogatua du zibersegurtasun-sektorearen garapenean. Foroaren eta haren baitako lantaldeen sorkuntzarekin batera iritsi den aukera hau baliagarri izango da urtetan zehar metatutako ezagutza eta esperientzia balioan jartzeko, batik bat, BCSCren misioa ongien islatzen duen arloan, alegia, Industria eta I+G+B bultzatzeari dagokion esparruan.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren babes instituzionala aukera paregabea da tokiko enpresa eta erakundeek ordezkaritza bat izan dezaten, aukera gehiago egon dadin euren ahotsa entzunarazteko eta euren ekarpenak modu zuzenagoan babestu daitezen.

Estatuko Zibersegurtasun Estrategia Nazionala

2019ko apirilaren 30ean Estatuko Zibersegurtasun Estrategia Nazionala argitaratu zen (PCI/487/2019 Agindua) EAOn, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak onartu ondoren.  Bertan adierazten da zein jarrera duen Espainiak zibersegurtasunaren kontzepzio berriaren inguruan Segurtasun Nazionaleko Politikaren esparruan. Estrategia hori 2013an sortu zen, ziberespazioaren desafioari aurre egiteko eta, era berean, zibersegurtasun nazionalaren gobernantza-eredua diseinatzeko. Hain da garrantzitsua, ezen Estatuko ziber sektoreko enpresa talde eta organismo publiko garrantzitsu guztiek baitute ordezkaritza Foro honetan.