Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari bideratutako 30 milioi euroko laguntza-programa berri bat onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaekin batera.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak 30 milioiko laguntza-programa berri bat aurkeztu du pandemiak euskal ostalaritzan izan dituen ondorioak arintzeko. “Ostalaritza bezalako oinarrizko zerbitzu bat eskaintzeko lan egiten duten pertsonei laguntzea da helburua. Askotan bereziki kaltetuak izan dira eta modurik eraginkor eta zuzenenean iritsi nahi dugu beraiengana”, adierazi du Hurtadok. Gainera, azpimarratu duenez, laguntza-programa hau premiazkoa denez, premiazko kudeaketa-talde bat sortuko da, gutxienez 20 teknikarirekin, laguntza-programa hori kudeatzen arituko dena esklusiboki.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak “XII. Legealdiko Lege Programa” onartu duela. Zupiriak azaldu duenez, dokumentu honen helburua legealdiko informazioa modu integratzailean, gardenean eta errealitatera egokituta ematea da, gizarteak eta legebiltzar-taldeek Jaurlaritza prestatzen ari den lege-proiektu bakoitzaren jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egin dezaten. Gainera, esan du, hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak eguneratu, Eusko Legebiltzarrera bidali eta www.euskadi.eus webgunean argitaratuko duela sei hilean behin lege-programa.

Bestalde, Zupiria sailburuak ezagutzera eman du Gobernu Kontseiluak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko Fundazioaren Patronatuan Eusko Jaurlaritza ordezkatuko duten kideak hautatu dituela. Hauek izango dira: Josu Erkoreka, Lehenengo lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Idoia Mendia, Bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua; eta Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.

Horrez gain, Bingen Zupiriak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez, 140.000 euro bideratuko dituela Nazio Batuen Biztanleria Funtsera, Bosniako eta Herzegovinako emakume eta neska errefuxiatuen eta migratzaileen genero-indarkeria eta sexu- eta ugalketa-osasunaren beharrak jorratzen dituen proiektu baterako. Bozeramaileak zehaztu du lankidetza hori Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen duen konpromiso proaktiboaren ekintza humanitarioaren ardatzari dagokiola; une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerei eta Europan nazioarteko babesa bilatzen duten pertsonek pairatzen dituzten bidegabekeriei bizkortasunez eta presaz erantzuteko helburuaz.

Zupiria sailburuak azaldu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak 536.000 euro bideratuko dituela gazteen programak eta jarduerak garatzeko. Horrela, gazteen asoziazionismoa sustatzen da eta elkarteen funtzionamendua eta jarduerak babesten dira.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Gobernu Kontseiluak baimendu egin duela hiru aldeko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Hezkuntza Sailaren, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Red.es erakunde publikoaren artean, “Educa en Digital” programa gauzatzeko. Zentzu honetan, azaldu du programa honen helburua hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko ekintzak abian jartzea dela, gailu eta hezkuntza-baliabide digitalen horniduraren bidez. “Neurri batean COVID-19k ekarri duen osasun-krisiak ikasle ahulenei eragindako ondorioak arintzen lagunduko du. Aukera emango die unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako ikasle zein irakasle guztiei Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera intentsiboa egiteko, bai ikasgelan, bai aurrez aurrekoak ez diren hezkuntza-inguruneetan”, esan du.

Amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela erakunde desberdinekin “Itzuli”, itzultzaile automatiko neuronala, garatzen jarraitu ahal izateko corpus linguistikoak partekatzeko hitzarmenak sinatzeko 2020-2024 urteetarako. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak honako entitate hauekin aurreikusi du hitzarmenak sinatzea: Euskal Herriko Unibertsitatea, Jakinbai-Laneki (Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkartea), EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea), EITB eta zenbait argitaletxe.