Getxoko Kultur Etxeak azaroko ikuskizun eta ekitaldien ordutegiak egokituko ditu araudi berrira

0

Aste honetan hasita, Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken osasun-araudira egokitzeko helburuz, Getxoko Kultur Etxeak azaroko zenbait ikuskizun eta ekitaldiren ordutegia aldatuko du. Horren bitartez, ikuskizunak beranduenez 21:00etan amaitzea eta Getxoko zein inguruko udalerrien ikusleek etxeratze-agindua hasi baino lehenago bizilekura itzultzea bermatu nahi da.

Muxikebarriko Zinemabarri zine-zikloaren kasuan, “La trinchera infinita” (hilak 12) eta “The Farewell” (hilak 19, “Mateoren ama” film laburrarekin batera) 18:00etara aurreratuko da. Halaber, “En realidad, nunca estuviste aquí” film luzearen emanaldia (hilak 26) 19:00etara aurreratuko da.

Zine-Kluba zikloan, “El lago del ganso salvaje” (hilak 13) eta “Mujercitas” (hilak 20) filmeen proiekzioa 18:00etara aurreratuko da. “Sobre lo infinito”ren emanaldia (hilak 27), ordea, 19:00etara aurreratuko da. Gainera, aurretik jakinarazi zenez, ziklo honen saio guztiak lekuz aldatu dira, Romo Kultur Etxera.

“Musika Eskola Irekia” musika-zikloan, Impromptu taldearen kontzertua (hilak 11) 19:00etan mantenduko da. Miguel Ituarte piano-jotzaile getxotarraren “Beethoven y el piano” ekitaldiak (hilak 25), hitzaldi musikatua eta kontzertua hartzen dituena, bere hasiera-ordua mantenduko du (18:30), baina horren iraupena murriztuko da kultura ekitaldiei dagokien araudia errespetatzeko.

Gainerako musika ekitaldiei dagokionez, Joseba Tapiaren “Tranpaldo” ikuskizuna (hilak 21) 19:00etara aurreratu da eta Pío Lindegaarden omenezko kontzertuak (hilak), Dena DeRose estatubatuarraren eskutik, momentuz ez du aldaketarik izan.

Antzerki programazioan, berriz, “Drag-E uraren bila” (hilak 13) haurrentzako antzezkizuna aurreikusitako orduan mantenduko da (18:00). “La fuerza del cariño” antzezlana (hilak 20) 19:00etara aurreratuko da eta, azkenik, “Birritan bortxatua” lanaren bi saioak ere aurreratuko dira 17:30 eta 19:30era, hurrenez hurren.

Zerbitzuei dagokienez, Roko eta Algortako (Villamonte) Kultur Etxeak 21:00etan itxiko dira. Gainera, azken horretan ikusgai dagoen Elena Gamarra bertoko artistaren erakusketa 21:00etan ere itxiko da. Udal liburutegien programazioaren kasuan ez dago aldaketarik.