Getxoko merkataritza euskaraz sustatzen duen Kaishop! kanpaina berriro martxan

0

Getxoko Udalak Bizkaiko hainbat udalekin (Gernika, Erandio, Basauri, Muskiz, Mungia, Etxebarria ) eta Txorierriko Mankomunitatearekin) Kaishop! kanpaina sustatuko du berriro, herriko merkataritza bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko. Alkarbide, Euskara Zerbitzuen bilgunearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, oraingo leloa Kaishop!. Zer gura dozu? Erosi euskaraz, Getxon! da. “Asmoa da tokiko merkataritzak eskaintzen digun tratu pertsonal eta hurbila, kalitatezko produktuak hurbil erosteko aukera eta euskarak tokiko merkataritzan duen garrantzia aitortzea”, nabarmendu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

Azaroaren 20ra arte indarrean izango den kanpainaren helburuak nabarmentzeko bi bideo zabalduko dira. Lehenengoan ikusten da online erosi nahi duen bezero batek zailtasunak dituela eta herriko denda bat ikusten du bere erosketa egiteko, eta bigarrenean, Sara Gandara aurkezleak herrian erosteko gomendioa egiten du. Karteletan Sara Gandararen irudia agertzen da eta poltsak ere banatuko dira, ideiak azpimarratzeko.

Kaishop! ekimena udala udalerriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera indartzeko aspalditik egiten ari den lanaren barruan beste urrats bat da. Gogoratu ildo horretan, 200 establezimendu baino gehiago gehitu direla Euskararen laguna saltokien sarera, herritarrei gonbidapena eginez bere egunerokotasunean euskara erabiltzeko.