Trapagaranen atxilotu dute beste gizon bati arma zuri batekin eraso egiteagatik

0

Ertzainek 24 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, ostirala, gauean, Trapagaranen, eztabaida baten ondoren beste gizon bati arma zuri batekin ustez eraso egitea leporatuta. Biktimak ospitalera joan behar izan zuen lepoan eta eskuko hatzetan zituen zauriak sendatzera.

Atzo arratsaldeko azken orduan, gizon batek salaketa jarri zuen Ertzaintzan, aurreko egunean Trapagaraneko lantegi zahar baten lursailetan beste gizonezko batek eraso egin ziola eta. Gizonaren kontakizunaren arabera, txatarra biltzen ari zela erasotzailearekin gurutzatu zen, eta hau agiraka hasi zitzaion eta biak eztabaidan hasi ziren. Halako batean, berarekin zeraman zakurra xaxatu zuen bere kontra, eta txakurra hozka egitera hurbildu zitzaion, eta une horretan arma zuri bat atera eta hainbat labankada ematen saiatu zen. Labana-kolpeetako bat esku batekin geldiarazi ahal izan zuen, eta lau hatzetan ebakiak egin zizkion. Beste labankada batek lepoan harrapatu zuen, eta odola dariola hasi zen. Une horretan, erasotzaileak korrika alde egin zuen. Biktima, lesioak ikusita, San Eloy ospitalera joan zen, eta suturako hainbat puntu eman zizkioten eta txakurrak egindako hozkada sendatu zioten.

Salaketan jasotako informazioan oinarrituta, eta egindako ikerketa-lanari esker, erasotzailea identifikatu ahal izan zuten. Gizona atzo gauean bertan aurkitu zuten Trapagaranen, eta lesio-delitua leporatuta atxilotu zuten.

Gaur, larunbata, goizean eraman dute arrastatua agintari judizialaren aurrera.