Osasun sailburuak erizainen lidergoa aldarrikatu du Metro Bilbaok kolektibo horri eskainitako erakusketan

0

Gaur eguerdian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzailearekin batera, “Erizain Ikusezinak” argazki-erakusketa inauguratu du. Hilabetez egongo da ikusgai Metro Bilbaoko hiru geltokitan, herritarrak sentsibilizatzeko eta erizainek historian zehar egindako lana ikusarazteko.

“Argazki aukeraketa honekin ibilbide bat eskaini nahi dugu, mendeetan zehar erizainek pertsonen osasuna eta gure bizi-kalitatea hobetzen nola lagundu duten erakusten duena”, adierazi du sailburuak. Erakusketa Santimami/San Mameseko geltokian hasiko da abenduaren 14tik 30era eta ondoren Zazpikaleak/Casco Viejo (Unamuno sarbidea) eta Deustun (bi ahoak) gozatu ahal izango da urtarrilaren 1etik 14ra.

Erakusketa hau Florence Nightingale erizaintza profesional modernoaren aitzindaria izan zenaren jaiotzaren 200. urteurrenaren ospakizunean sortu zen. Urteurrena bat dator, halaber, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2020a “erizainen eta emaginen Nazioarteko Urtea” izendatu zuenarekin.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak profesionalen kolektibo horrekin duen konpromisoaren erakusgarri, Sagarduik gogorarazi du Osasun Sailak bat egin duela aurtengo maiatzean Nurshing Now nazioarteko kanpainarekin. Kanpaina horren helburua gobernuek, osasun-arloko profesionalek eta osasun-zerbitzuen erabiltzaileek erizaintzako langileak balioestea eta haien lidergoaren alde egitea da. Gaur egun, 16 herrialdek baino gehiagok parte hartzen dute ekimen horretan, eta OMEren eta Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren babesa dute.

“Gizarte gisa oso une latzak bizi izan ditugu, baina une oro ziur egon gara profesionalak, bai ospitaleetan zeudenak, bai lehen mailako arretan zeudenak, beren ezagutza guztia herritarren zerbitzura jartzen ari zirela”, adierazi du Sagardui sailburuak.