Autoetan lapurreta egiteagatik bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen

0

Ertzaintzak 42 eta 19 urteko bi gizon atxilotu ditu gaur goizaldean Arabako hiriburuko Koroatze auzoan, bi autotan lapurreta egitea leporatuta.

Gaur goizaldean berriemaile batek jakitera eman du bi gizon lapurretan ari zirela Arabako hiriburuko Koroatze auzoan. Handik minutu batzuetara agertu dira Ertzaintzako baliabideak, eta inguruak miatu dituztenean berriemaileak emandako deskribapenarekin bat zetozen bi gizon identifikatu dituzte.

Jardun duten patruilek erregistratu egin dituzte identifikatutako bi gizonek zeramatzaten objektuak, eta eskularruak eta bihurkin handi bat kendu dizkiete.

Inguruko autoak aztertu dituztenean, agenteek egiaztatu dute bi autok kalteak zituztela: batek sarraila zuen behartuta eta audio-erreproduzigailua falta zitzaion, eta besteak kalteak zituen sarrailetako batean. Horren aurrean, ertzainek atxilotu egin dituzte bi gizonak, ibilgailuan lapurreta egitearen delitua leporatuta.

Bi atxilotuek gertakariekin erlazionatutako polizia-aurrekariak dituzte, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte dagozkion polizia-eginbideak betetzeko. Biak goizean zehar jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan Gasteizko Guardiako Epaitegian.