Adinekoei iruzur egiten ahalegintzen ari dira COVIDaren aurkako txertoa aitzakia moduan erabilita

0

Ertzaintzak prebentzio moduan jakitera eman nahi du 80 urtetik 90 urtera bitarteko adineko batzuek ustezko iruzurgileen telefono-deiak jaso dituztela COVIDaren aurkako txertoa jarriko dietela esanez. Oraingoz kasu gutxi batzuk hauteman ditu Irunen eta Bilbon. Orain arte egindako ikerketen arabera, ustezko biktimen datu pertsonalak eta helbidea lortzeko eta haiekin hitzordua jartzeko aitzakia bat baino ez da, dirudienez, eta iruzurraren helburua etxean delituren bat egitea da, izan liteke iruzurra edo beste bat.

Azken bi asteotan jaso diren dei gutxi batzuk aztertu ondoren, Ertzaintzak jakin ahal izan du ustezko iruzurgileak (gizonezkoa edo emakumezkoa izan liteke) ustezko biktimekin harremanetan jarri direla. Kasu guztietan 84 urtetik gorako pertsonak dira, eta adierazi diete haiek bizi diren lekuan COVIDaren aurkako txertoak jartzen hasi direla eta datu batzuk behar dituztela hitzordua jartzeko eta haien etxera joateko.

Ustezko iruzurgileek txertaketa-prozesuaren inguruan une hauetan dagoen informazio ugariaz baliatu nahiko lukete adinez zaurgarriak diren pertsonengana hurbiltzeko eta, segur aski, iruzur egiteko eta emandako ustezko zerbitzuengatik diru-kopururen bat eskatzeko, edota etxean sartu eta lapurreta egiteko.

Ertzaintza ikertzen ari da dei horien jatorria eta biktimei iruzur egiteko ahaleginak, eta beste erakunde eta polizia batzuekin lankidetzan ari da lanean. Alde horretatik, Irungo Ertzain-etxeko patruilen prebentziozko zaintzari esker identifikatu ahal izan ziren joan den astea bi emakume, eta ikerketa-eginbideak ireki zizkieten adinekoei iruzur egiteagatik.

Oinarrizko gomendioak adinekoentzat eta familientzat

Osakidetzaren deiak egiaztatuta daude eta bertako langileak akreditatuta. Dena den, uneren batean arraroa dirudien zerbait susmatuz gero edo etxean ustekabean norbait agertuz gero COVIDaren aurkako txertoak aitzakia moduan jarrita, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitu behar da informazioa egiazta dezaten.

Ertzaintza eta udaltzaingoak Osakidetzarekin lankidetzan ari dira lanean osasun-alertarekin eta horren ondorioekin zerikusia duten gaietan.

Ertzaintza arduratuko da prebentziozko alerta hau arrisku taldeei, kasu honetan batez ere adinekoei, helarazteaz ere.