Olatz Garamendik eta Icetak inmigrazioaren transferentziak eta aldiriko trenbideak bultzatu dituzte

0

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua eta Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa Madrilen bildu dira gaur, Euskadira transferitzeke dauden gaiak eta euskal administrazio publikoaren bitartekotasun tasa handia aztertzeko. Transferentzien egutegiaren egoera aztertu dute bi agintariek eta, nobedade gisa, Inmigrazio zerbitzuen eta funtzioen traspasoa aktibatu dute Sailburuak eta ministroak, baita oraindik transferitzeke dauden trenbideak ere. Era berean, Ondarroako Itsas barrutiaren egoitza Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea barne hartzen duen portuen transferentziaren handitzea azpimarratu du Garamendik. Topaketak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentzia behin betiko desblokeatzeko balio izan du, izan ere duela hilabete batzuetatik ez atzera ez aurrera dago arrazoi teknikoak medio.

Bien arteko lehen aurrez aurreko bileran (aurretik ere behin baino gehiagotan izan dute telefono bidezko harremana), Garamendik eskerrak eman dizkio ministroari bileragatik eta baita Garamendi bera izan delako izendapenaren ondoren jaso duen lehena. Nire ustez, bultzada handia izango da negoziazioa eta elkarrizketak onak izan daitezen. “Lankidetza dinamika horri eusteko eta sakontzeko konpromisoa hartu dugu, eta aurrerantzean ere bilduko gara. Espero dut hurrengo bilera ez atzeratzea eta, ahal bada, Euskadin izatea”, gaineratu du.

Gaur goizean Lurralde Politikako Ministerioan egindako bileran, Garamendik eta Icetak egiteke dauden transferentziak berrikusi dituzte, bai bi aldeek adostutako egutegiaren arabera aurtengo apirila baino lehen gauzatu beharko liratekeen lehen blokekoak, bai bigarren blokekoak, hasiera batean urte honen amaierarako aurreikusita zeudenak. Garamendik gogorarazi du gai batzuk oso aurreratuta daudela, hala nola Espetxeak, Errepide garraioa eta ISSN kode bibliografikoa.

Halaber, gogorarazi du bigarren blokeko transferentzia batzuk ere lantzen hasi direla, hala nola Inmigrazioa eta Aldiriko trenbideak. “Inmigrazioari buruzko eskumena Euskadira transferitzea prestatzeko lanari ekitea proposatu diogu. Horri esker, Eusko Jaurlaritzak inmigrazio politikak indartu ahal izango lituzke, gai horrek leku garrantzitsua baitu euskal erakundeen agendan. Era berean, oraindik transferitzeke dauden Aldiriko trenbideen transferentzia arintzeko lanari ekingo diogu”, zehaztu du Garamendik. “Negoziazio bizia eta irekia izaten ari da, epe estankoetan itsu-itsuan katramilatu gabe eta horregatik proposatu diogu gaur Iceta ministroari beste transferentzia batzuk traspasatzeko lanean hastea”, esan du egutegiko bigarren blokeko gaiei erreferentzia eginez.

Sabino Torre Araubide Juridikoko sailburuordearekin batera izan da Sailburua bileran eta jakitera eman duenez, Ondarroako Itsas barrutiko egoitzaren eraikina euskal administrazioaren titulartasunekoa izango da, bere garaian Euskadira eskualdatutako portuen transferentzia handitzearen ondorioz (oraindik interés orokorreko portuen transferentzia egiteke dago: Bilbo eta Pasaia).

IMVri dagokionez, joan den urritik ez atzera ez aurrera dagoen transferentzia bideratzea ahalbidetu du topaketak. Desblokeatzeko, berehala bilera bat egitea adostu dute Lurralde Politikako Ministerioak, Gizarteratze Ministerioak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak. Edonola ere, Garamendik eta Icetak adostu dute “transferentzia oso eta integral batez ari garela”.

Icetak eta Garamendik Itsasertzearen Kudeaketaren transferentziaren inguruan ere sakondu dute. Bileran landutako beste gaietako bat Segurtasun zerbitzu pribatuen gaia izan da eta hori gauzatzeko beharrezkoa da Segurtasun Batzordean akordio bat egitea. Oraindik lan asko egiteko dagoela gogorarazi ostean, eta borondate horri amaiera arte eustea espero duela esan du Garamendik. “Gernikako Estatutua betetzeko bidea” jarraitu behar del azpimarratu du “onartu eta 41 urtera oraindik itxi gabe baitago”.

Transferentziez gain, Garamendik Funtzio Publikoari buruzko zenbait gai jarri ditu mahai gainean, zehazkiago enplegu publikoko bitartekotasun tasa handien arazoa, eta horrek sakonki eragiten dio euskal Administrazio orokorrari, bitarteko funtzionarioen tasa handia baitu, aurrekontuari buruzko hainbat lege orokorretan enpleguari eragin zioten gastuari eusteko politikengatik. Ministroak egoera honi irtenbide errealak bilatzeko konpromisoa hartzea lortu du Sailburuak.