Osasun Sailak eta Osakidetzak listu bidezko PCR test berria abiarazi dute

0

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jakinarazi duenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak proba diagnostikoetarako listu bidezko laginak hartzeko teknika berria baliozkotu eta abiarazi dute. “Osakidetzak baliozkotu du, fidagarritasuna altua da eta erabiltzeko egokiespenak ditugu. Osakidetzak, pandemian bete-betean gaudenean, egoeretara egokitzeko duen gaitasunaren erakusle bat da hori”.

Sailburuak Euskadin pandemiak bizi duen bilakaerari buruzko informazioa emateko Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean eginiko ohiko agerraldian azaldu duenez, Osakidetzako Diagnostiko Biologikoko Sareak azterlan zehatza egin du zenbait zentro eta laborategitan; azterlan horretan, 815 lagin aztertu dira. Azterlan horrek dakarrenaren arabera ikusi da test-mota horrek aukera ematen duela aztertutako kasuen % 90ean kolektibo desberdinetako pertsonetan birusa detektatzeko; ehuneko hori nabarmen areagotzen da birusaren kontzentrazioa laginean altua denean.

Proba ez da hain inbaditzailea, eta askoz ere erosoagoa da. Listu bidezko PCR proben abantaila nagusietako bat da nasofaringeko probek eragiten dituzten eragozpenak saihesten direla. Hori horrela, Gaixotasun Berrien Aholku Batzordeko pertsonal tekniko adituen gomendioa da proba-mota hori bi eremutan erabiltzea:

  • Arnasbidetik laginik atera ezin zaien paziente sintomadunen kasuan. Egoera horiek adingabeetan edo laginak hartzeko zailtasunak dituzten beste pertsona batzuetan gerta daitezke.
  • Eta, bigarrenik, listu bidezko proba baheketa zehatzetan erabiliko dugu, dela ikastetxeetan dela osasun-zentroetako eta zentro soziosanitarioetako erabiltzaileen artean edo haien lanbideagatik kutsatzeko arriskua duten pertsonetan eta, batik bat, agerraldiak kontrolatzeko baheketa errepikatuak edo seriatuak egin behar diren egoeretan. Test horren bidez, laginak errazago hartuko dira.

Sailburuak esan duenez, test erraz horrek aukera emango du “birusaren detekzioan eta miaketan beste urrats bat gehiago emateko”. Gotzone Sagarduik gogorarazi du pandemia hasi zenetik Euskadin bi milioi eta erdi PCR analisi egin direla, eta beste milioi erdi antigenoen testetan. Euskadi, eremu horretan, puntako erkidegoa da. Zehazki, apirilaren 24tik 30era bitartean, 2.925,39 proba egin ziren 100.000 biztanleko.