Beatriz Artolazabal eta Iñaki Subijana Terrorismoaren Biktimen Euskal Kontseiluarekin

0

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren ordezkaritza batek, José Luis de la Cuesta kontseiluko presidentea eta Beatriz Artolazabal sailburua buru izan direla, gaur, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (EAEAN) presidenteari martxoaren 10ean Lehendakariari eman zioten proposamenen dokumentua eman dio. Dokumentu hori aho batez onetsi zen partaidetzarako kontseilu horretan, eta biktimen inguruan garatutako politika publikoen oinarri inspiratzailea da.

EAEANren egoitzan egin den bilera Biktimen Kontseiluaren ohiko bileraren ondoren egin da; hartan, dokumentu horren puntuak garatzen hasi dira. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak 2021erako dituen konpromisoak zehaztu ditu.

“Zentraltasuna, aitorpena eta konpromisoa” izan dira Jaurlaritzak transmititu dituen hiru mezuak.  Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, “biktimak lehentasunezkoak dira, zarete, Gobernu honentzat eta niretzat; lehentasuna iraganera begiratzean eta lehentasuna gure etorkizuneko proiektuan; memoria izatea nahi dugun etorkizuneko proiektuan; memoria bidezkoagoa, gizatiarragoa eta errealagoa izango da, baldin eta esperientziatik eta biktimen begiradatik eraikitzen badugu”.

Memoria Politikaren arduradun nagusiak biktimen aitorpena nabarmendu du, “haien erresilientziagatik eta eskuzabaltasunagatik”. “Zuon lanaren eta jarreraren aitorpena; beti jarrera konstruktiboa, indarkeriaren erabateko deslegitimazioarekin eta guztion eta guztiontzako etorkizuna eraikitzearekin konprometitua”.

Beatriz Artolazabalek berretsi egin du “konpromisoa, ez bakarrik hitzez, baita laguntzaz eta ekintzaz ere”, eta, nabarmendu duenez, “biderik onena lankidetzarena da, lankidetza leialarena; terrorismoaren biktima zaretenok badakizue beti aurkituko duzuela lankidetza leial hori Gobernu honetan eta nigan”.