Urkulluk berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren eta haren ondoriozko indarkeria bikarioaren kontrako euskal erakundeen konpromisoa berretsi du

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da gaur eguerdian, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Institutuko zuzendariarekin batera. Bileraren hasieran, Urkulluk berretsi egin du Jaurlaritzak eta euskal erakunde guztiek berdintasunarekin eta emakumeen kontrako indarkeriaren eta haren ondoriozkoa den indarkeria bikarioaren aurkako duten konpromisoa. «Berdintasunaren aldeko eta emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeriaren aurkako Herri Ituna lortzeko lanean jarraituko dugu, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko», adierazi du.

Urkulluk gogora ekarri du Jaurlaritzak berdintasun-politikak indartzeko eta zeharka bultzatzeko duen konpromisoa, eta Berdintasunerako Legearen aldaketa onartzeak laster ekarriko duen erronka. «Erronka handi baten aurrean gaude, gure asmoa da lege berri honek berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako itun bat ahalbidetzea», adierazi du.

Kontseiluaren bileran, non Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak, Eusko Legebiltzarra eta emakume-elkarteak ordezkatuta baitaude, Aholku Batzordearen bidez, Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko Zifrei buruzko 2020 Txostena, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana gauzatzeko botere publikoen jardunaren memoria eta Emakunderen 2020rako Memoria aurkeztu dira. Eta, era berean, Berdintasunerako Legearen aldaketaren izapidetze-egoeraren berri eman da.