Abokatuen Elkargoetako Gobernu Batzarren VIII. Jardunaldiak irailean egingo dira Bilbon

0

Abokatuen Elkargoetako Gobernu Batzarren VIII. Jardunaldiak irailaren 8tik 10era egingo dira Bilboko Euskalduna Jauregian. «Abokatutza gara» lelopean, Abokatuen 83 elkargoetako Gobernu Batzordeetako kideak eta kontseilu autonomikoetako arduradunak elkartuko dira, Kontseilu Nagusiak eta Bizkaiko Elkargoak antolatutako topaketa honetan.

Hiru egunetan zehar, Espainia osoko 700 abokatuk baino gehiagok, jarduneko 150.000 elkargokideen eta jardunik gabeko 100.000 elkargokide ordezkatuko dituzte, eta sakon aztertuko dituzte lanbidean gertatzen ari diren aldaketa nagusiak.

Lan-jardunaldiak elkargoen jardunbide egokiei buruzko aldi bereko saio eta tailerretan banatuko dira. Lehenengo saioan sekretu profesionala indartzeko moduan sakonduko da, izan ere hori da indarrean sartu berri den Abokatutzaren Estatutu berriak ekarri duen alderdirik berritzaileenetako bat.

Bigarren saioan, Abokatuen Elkargoak izango dira protagonista. Zerbitzuen kalitatearekin duten konpromisoari helduko zaio, estatutu berriak ezarritakoaren arabera, elkargokideentzako zerbitzuak hobetu behar baitira. Horrez gain, jendearentzako arreta eta herritarren eskura dagoen informazioa ere aztertuko dira.

Iraunkortasuna izango da saio orokorretan landuko den beste gaietako bat. Baita lanbidearen publizitatea ere, Estatutu berriak xehetasunez arautzen duena. Saioetan gai horren inguruko berrikuntzak azalduko dira, Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren etorkizuneko Publizitate Kodeaz hitz egingo da eta Kontseilu Nagusiaren Jardunbide Egokien Kodea aztertuko da.

Azken saioan, erakundeen etorkizunaz arituko dira. Etengabe aldatzen ari den gizarte batean bizi gara, eta korporazio handien eraginak garrantzia hartu du gobernuen aurrean. Horregatik, garrantzitsua da erakundeen etorkizunari buruz hausnartzea, eta, bereziki,  gizarte zibilaren parte diren erakundeena.