Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun-operatibo berezia diseinatu dute Kontxako banderari begira

0

Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak segurtasun-dispositibo berezia jarriko dute Kontxako Banderaren bi asteburuetarako, osasun-araudia, bizikidetza eta herritarren atsedena betetzen direla bermatzeko.

Eneko Goia Donostiako alkatea izan da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio-organoaren bilerako buru. Bilera horretan, datozen bi asteburuetan Donostian izango diren baliabideak eta dispositiboak aztertu dira.

Bileran izan dira, halaber, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea, Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotzia, baita Ertzaintzaren zein Donostiako Udaltzaingoaren polizia-arduradunak ere.

Nahiz eta tradizioz Kontxako estropadak hirian jarraipen zabaleko kirol eta gizarte-ekitaldi bat izan, segurtasunaren arduradun nagusiek gogorarazi dute iaz eta aurten pandemiak eragindako egoerak eragotzi egiten duela ohiko baldintzetan gozatzea. Iaz, estropadak jenderik gabe egin ziren; aurten, berriz, ohiko zaletu kopuruaren % 20 baimendu da.

Hala, Zubiagak eta Ibabek berretsi dutenez, hobe da estropadak ikusi ahal izateko sarrerarik ez dutenek ez hirira joatea eta proba etxetik jarraitzea. Era berean, gogorarazi dute osasun-egoeraren ondoriozko mugek indarrean jarraitzen dutela, eta, beraz, herritarren lankidetza eta erantzukizuna eskatu dute, estropadak egin aurreko eta ondorengo orduetan arrisku eta tentsio egoerak saihesteko.