Hasi dira motorreko istripuak gutxitzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako segurtasunez gidatzeko ikastaroak

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendaria motozikletak segurtasunez gidatzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako ikastaroetan izan dira. Ikastaroak bi egunetan egingo dira Arkauten, eta zilindrada ertaineko eta handiko motorren 100 gidarik parte hartuko dute. Ikastaro horietan, besteak beste, ibilgailua kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko moduak, hiriko eta hiriarteko trafikoan mantendu beharreko posizionamendua edo inguruabarren araberako trazadura landuko dituzte. Adituek formakuntza teorikoa nahiz praktikoa emango diete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan segurtasun-neurri guztiekin instalatu den zirkuituan. Gainera, segurtasun pasiboko ekipamenduetako azken berrikuntzak ere erakutsiko dizkiete, adibidez airbaga duten jantziak, motor-istripua izanez gero lesioak murrizteko.

Ikastaro hauek Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategiko berriko bigarren lerro estrategikoan sartzen dira, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa baita “formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio programa zehatzak ezartzea kolektibo zaurgarriekin jarduteko”. Kolektibo horiek motorren, bizikleten eta pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariak, oinezkoak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta haurrak dira.

Formakuntza gaur hasi duten ehun motor-gidari horiei lehenengo ikastaroetan parte hartu zuten beste 250 batu behar zaizkie. Lehenengo ikastaroak 2018an eta 2019an jarri zituen abian Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Nafarroako Zirkuituan, Los Arcosen. Iaz, osasun-krisiaren ondorioz, ezin izan zen formakuntza-ikastaroa egin, eta aurten gogor lan egin da dagozkion segurtasun-neurriak hartuta berreskuratzeko.

KOLEKTIBO ZAURGARRIAK

Euskadi trafiko-istripuetan hildakoen edo zauritu larrien milioi biztanleko tasarik txikiena duen Europako herrialdeetako bat da. Horrek aukera ematen dio Eusko Jaurlaritzari errepideko arazoak argi eta garbi identifikatzeko eta ad hoc politika publikoak eta estrategiak diseinatzeko, besteak beste, talderik sentikorrenei zuzendutakoak (motozaleak, txirrindulariak, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariak, oinezkoak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta haurrak).

2013tik 2020ra Euskadin trafiko-istripuetan hil ziren pertsonen erdia baino gehiago kolektibo horietakoak ziren, eta ehunekoa % 63ra iristen da zauritu larrien kasuan.

14 MOTOZALE HIL DIRA 2021ean

Helburua da aurten 14 pertsonari heriotza eragin dietenak bezalako istripuak ez gertatzea.

Aurten, Euskadin, orain arte, motozikleten 13 gidari eta bidaiari bat hil dira: 7 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 2 Araban.

Hildakoak eragin zituzten istripu horietako gehienetan ez zegoen beste ibilgailurik inplikatuta, eta motozikletak gidatzean trebeziak sustatzeak eta abileziak hobetzeak nabarmen lagundu dezake esperientziarik ezaren ondorioz heriotza eragiten duen istripu bat eragoztea.

“JAR ZAITEZ NIRE GURPILETAN” ESTRATEGIA    

Ikastaro hau motor-gidarientzat bide-segurtasunaren arloan planifikatzen den formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio estrategiaren adibide bat baino ez da. “Jar zaitez nire gurpiletan” estrategia partekatuan sartzen da, eta estrategia horretan, batetik gidatzeko trebeziak sustatzen dira eta, bestetik, sentsibilizazioa lantzen da, motor-gidarien eta bestelako ibilgailuen gidarien arteko elkarrizketen bidez.

Horrez gainera, bakarka joatean nahiz taldeko irteeretan motozikletak segurtasunez gidatzeko aholku praktikoak biltzen dituzten bi dekalogo ere argitaratu dira.