«Urdina» eskultura jarri dute Aieten holokaustoaren biktimen omenez

0

Aieteko parkeko lorategiek eskultura berri bat dute. «Urdina», nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hogeita bi biktima donostiarrei egindako omenaldia.

2020ko urtarrilaren 28an, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, askatasunen alde eta nazismoaren aurka borrokatu zirenei elkartasuna adierazteko, eta, aldi berean, Donostiako deportatutako biktimen memoria historikoa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen. Kalkuluen arabera, 150 euskaldun, horietatik hogeita bi donostiar, deportatu zituzten nazien sarraski-esparruetara 1940 eta 1945 artean.

Adierazpen haren ondorioz, biktimen memoria gogoratuko zuen obra bat sortzea erabaki zen. Aieteko parkeko lorategietan jarri dute dagoeneko. Ane Oyarbide Berdintasun eta Eskubide Zibilen zinegotziak adierazi duenez, «2,5 metroko altuera duen espazio kubiko ireki bat da, hormigoi armatuz egina, eta bunker bat ekarri nahi du gogora, gure memoriak gerra gogor hari eta gertaera haiei buruz gordetzen dituen ikur ugarietako bat

Kuboa pixkanaka landare igokariek kolonizatuko dute, parrak hain zuzen ere, eta horiek estaltzen joango dira, orbaintzen doazen zauri gisa, sortzaileen hitzetan. Kanpoaldean ere arrosa zuriak landatu dira.

Iñigo Piñerak, berariaz deitutako lehiaketa irabazi zuenak, egindako eskultura barruan ere ikus daiteke; izan ere, nazien sarraski eremuetara deportatu zituzten 22 donostiarren izenak grabatu dituzte. Kuboaren beste aldean, «Leiho bertikal» batek parkean landatutako Ana Franken zuhaitza ikusteko aukera ematen du, eta euskarazko eta gaztelaniazko testu bat jarri da, judu jatorriko alemaniar gazte hori gogorarazten duena. Bi urte bere etxean ezkutatuta igaro ondoren, aurkitu eta sarraski-eremuetara bidali zuten: «Ia goizero ganbarara igotzen naiz aire garbia arnastera, eta nire txoko gustukoenetik urte urdineko zeru biluziari begiratzen diot«. Bere egunkari ospetsuaren testu honekin batera, beste azalpen-testu bat dago: «Zuhaitz hau Anne Frankek, nazien holokaustoaren biktimak, 1942 eta 1944 bitartean Amsterdamen ezkutatuta egon zen etxeko ganbaratik ikusten zuen gaztainondotik hazi zen«.