Osakidetzak 2018-2019ko EPE-rako deialdia egin du, 3.535 plazarako, eta bi fasetan egingo da, lehenengoa abenduan

0

Osakidetzak 2018-2019ko EPErako deialdia iragarri du, 3.535 plazarako, eta bi fasetan egingo da, lehenengoa abenduan eta bigarrena 2022ko udaberrian. Lehen deialdian, 19 kategoriako 1.499 plaza eskainiko dira guztira, Lehen Mailako Arreta sendotzera bideratutakoak barne, hala nola Familiako Medikuntzako 322 plazak eta Pediatriako 62 plazak.  Bigarren fasean, berriz, gainerako lanpostu guztiak eskainiko dira.

Lehen faseko oinarriak abenduaren erdialdean argitaratuko dira EHAAn. Bertan, lanbide-kategoria bakoitzaren alderdirik zehatzenei buruzko informazioa, kategoria bakoitzeko ikasgaien zerrenda eta interes espezifikoko beste informazio batzuk aurkitu ahal izango dituzte izangaiek.  Plaza horietako bat lortzeko azterketak 2022ko apiriletik maiatzera bitarte egingo dira.

Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Pérezek 2018-2019ko EPEa bi fasetan banatzeko erabakiaren arrazoia azaldu du gaur. Mahai Sektorialaren esparruan urtebete negoziatzen eman ondoren, sindikatuek ez dituzte deialdiaren oinarriak babestu; hortaz, urtea amaitu baino deialdirik egiten ez badugu, lanpostu horiek betirako galduko lirateke, eta Osakidetzak ez du inola ere onartuko hori”, adierazi du.

Gogorarazi beharra dago 2018-2019ko EPEan deitutako 3.535 plazak 2018ko eta 2019ko birjarpen-tasen, hau da, erretiroengatik edo heriotzengatik hutsik geratu diren plazen eta sortu berri diren zenbait plazaren batura direla. Indarrean dagoen araudiaren arabera, Osakidetzak hiru urteko epea du, birjarpen-tasan oinarrituta eskainiko diren plazen kopurua onartzen duenetik EPErako deialdia egiten den arte. Hortaz, 2018ko birjarpen-tasaren arabera erabakitako plazetarako deialdia egiteko epea aurtengo abenduan amaituko da.  Hori dela eta, akordiorik ez dagoenez gero, Osakidetzak deialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki du, partzialki bada ere.

Abenduko deialdian, 1.499 plaza eskainiko dira guztira. Azaldu denez, plaza gehienak 2018an hutsik geratu ziren plazak dira, baina 2019ko deialdiari dagozkion plaza batzuk ere sartu dira lehen fase horretan, eta, haien artean, Lehen Mailako Arretakoak, hau da, Familiako Medikuntzakoak, Pediatriakoak eta Erizaintzakoak, Lehen Mailako Arreta sendotzea lehentasunezkoa eta atzeraezina baita.

Zuzendari nagusiak azaldu duenez, erabaki hori lan-egonkortasuna lortzeko eta plantilla finkatzeko beste urrats bat da, bai Lehen Mailako Arretako sarean, bai Osakidetza osoan, eta, beraz, pertsonei zerbitzu hobea eskaintzea ahalbidetuko du.

GARDENA ETA BERME GUZTIEKIN

Osakidetzak ziurtatu duenez, 2018/2019ko EPErako deialdiak bermerik handienak izango ditu, profesionalik onenak hautatu eta talentua erakarri ahal izan dadin, betiere berdintasunari, merezimenduari, gaitasunari, objektibotasunari, inpartzialtasunari, gardentasunari, arintasunari eta fidagarritasunari lotutako printzipioak betez. Hori da azken helburua.

Horretarako, hainbat neurri hartuko dira, hala nola epaimahaiak zozketa bidez aukeratzea, epaimahaikideen kopurua murriztea eta jokabide-kode bat onartzea. Azterketak lantzeko zereginari dagokionez, adierazi beharra dago epaimahaietako kideek eskuliburu bat izango dutela, epaimahai bakoitzak probak egiteko erantzukizuna bere gain hartuko duen ala zeregin hori arloan esperientzia duen kanpoko instantzia bati aginduko dion erabaki ahal izango duela, zati praktikoa egitea pertsona bakar baten ardura izango ez dela eta ausazko elementu bat sartzea aurreikusita dagoela, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren azken edukiaren berri izan ez dezan.