Eusko Jaurlaritzak errepidean arduratsuak izateko deia egiten du Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Egunean

0

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak trafiko-istripuen biktimen omenez egin den ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia Euskadiko Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatu du Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta. Zuzendariarekin batera ekitaldian izan dira Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko agintariak eta trafiko-istripuetako biktimen familiartekoak.

Díaz de Corcuerak nabarmendu du azken urteotan beheranzko joera finkatu dela Euskadin ezbeharren kopuruan. 2000. urtean 200 pertsonatik gora hil ziren Euskadiko errepide-sarean. Aurten, azaroaren 15era arte, 40 pertsona hil dira (10 Araban, 15 Bizkaian eta 15 Gipuzkoan).  2020ko aldi berean, pandemiak eraginda ezarritako murrizketen ondorioz urte atipikoa izanik, 36 pertsona hil ziren, eta 2019an 44.

Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, “joera beheranzkoa bada ere, Eusko Jaurlaritzatik sentsibilizazio eta kontzientziazio programak eta ekintzak lantzen jarraitzen dugu Zero Biktima ikuspegiarekin, 2021-2025 Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala. Helburua da herritarrak kontzientziatzea istripuei aurrea hartzeko eta istripuak murrizteko, kolektibo zaurgarriei arreta berezia eskainiz. Ez da ahaztu behar kaleak eta errepideak leku seguruak izatea horiek erabiltzen ditugun guztion erantzukizuna dela, eta arretaz gidatzeko eta gidatzean zuhurrak izateko deia egiten dugu, beraz”.  

Era berean, Sonia Díaz de Corcuerak gogorarazi du Euskadin biktimadun trafiko-istripuetako hiru faktore konkurrenteak alkoholaren, drogen edo botiken kontsumoa, arreta-galtzeak eta abiadura desegokia direla.

Gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea

Arriskuak saihesteko eta arduraz gidatzea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak bide-hezkuntzako eta formakuntzako jarduera ezberdinak egiten ditu urtean zehar. Jarduera horiek hemen kontsulta daitezke: www.trafikoa.euskadi.eus. Horrez gainera, aipatzekoak dira kolektibo zaurgarrienak (motor-gidariak, txirrindulariak, MPIen gidariak eta oinezkoak) babestera bideratutako jarduerak eta muturreko meteorologia-egoeretan, obrek trafikoan eragina dutenean edo trafiko-operazio berezietan ibilgailu-dentsitate handia aurreikusten denean hedatzen diren mezuak. Bide-segurtasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko bide horretan, Eusko Jaurlaritzak jardunaldi profesionalak antolatzen ditu trafikoarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten gai ezberdinetako adituekin. Aurten topaketa bat egingo da datorren abenduaren 1ean Donostian, ‘Euskal enpresa, Bide Segurtasunarekiko konpromisoa Kudeaketa Aurreratuaren bidez’ izenburupean.

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna 2005ean egin zen lehenengo aldiz, NBEak gobernuei eskatu zienean efemeridea azaroko hirugarren igandean oroitzea biktimak omentzeko eta gizartea kontzientziatzeko.