Euskadik hiri-berokuntzako proiektu aitzindari eta berritzaile bat garatu du

0

Ertzaintzak Iurretan (Bizkaia) dituen instalazioak bisitatu dituzte lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak RELaTED Renewable Low Temperature District europar ikerketa-proiektuaren emaitzak ezagutzeko, Europako 8 herrialdetako hamalau enpresa eta erakundek parte hartzen duten proiektuarenak, hain zuzen ere.

813.630 euro inbertitu ditu Eusko Jaurlaritzak proiektu hori abian jartzeko Energiaren Euskal Erakundearen, Tecnaliaren, Innometalen, el Taller de la Comunicación y Cía eta NIBEren lankidetzarekin. Tenperatura ultra baxuan eragiten duen district heating (hiri-berokuntza) bat da, eta ur beroa hornitzen dio, baita berokuntza eta hozketa ere, 14 eraikinez osatutako Ertzaintzaren guneari. Proiektu berritzaile eta aitzindaria dugu, sektoreko enpresei eta beste erakunde batzuei aurkeztutakoa, barruti-berokuntza bati beroa tenperatura ultra baxuan banatu ahal zaiola frogatzeko. 35 graduan banatzen den tenperatura horrek orain arte testatu gabeko abantailak eskaintzen ditu.

Jasangarritasunerako eta energia-efizientziarako Segurtasun Sailaren ardatz estrategikoetakoen arteko batean kokatzen da proiektu hau. 2022an 6,7 milioi euro inbertituko dira zaharberritzeko, birgaitzeko eta eraikinetako energia-efizientzia hobetzeko lanetan Nazio Batuen 2030 Agendaren jasangarritasun-arloko konpromisoen esparruan. Urterako aurrekontuan bildutako proiektu konkretuen artean, aipatzekoak dira biomasa instalazioa Berroziko instalazioetara zabaltzea, azpiegitura fotovoltaikoak instalatzea, ibilgailu elektrikoentzako kargatze-puntuak ezartzea, aire-girogailuak eta isolamendu termikoa berritzea energia aurrezteko.

Energia-efizientzia eta energia berriztagarri gehiago

Sistema hori martxan jartzeak energia-aurrezpena eta instalazio horietan energia berriztagarrien erabilera gehitzea ahalbidetuko du eta lagungarria izango da, hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Jasangarritasunari buruzko Euskal Legean ezarritakoa bete dezan. Arau horrek euskal administrazioentzat ezartzen du energia-kontsumoa murriztu beharra, eta horrekin batera, energia-jasangarritasuna bultzatzea eta sustatzea, ingurumena babestea, eta energia berriztagarrien instalazioak ezartzea.

Energia berriztagarrien erabilera gehitu egin da kasu honetan % 350 eta gas naturalaren kontsumoa murriztu egin da. Elektrizitate-kontsumoa ere murriztu egin da, bero-ponpa berriek askoz ere errendimendu handiagoa dutelako, % 50 eta % 60 bitarte. Atmosferarako CO2 emisioak ere % 35 murriztu dira. Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, urteko aurrezpena 9.000 euro inguru izango dela aurreikusten da.

Tapia sailburuaren arabera, “espero diren emaitzak kontuan hartuz, Related proiektuaren Iurretako erakusleak karbono-balantze neutro baterako energia-trantsizioa lortzeko jarraitu beharreko bidea erakusten du». Proiektu horrek erabilitako teknologia beste inguru batzuetara estrapolatu daitekeela erakusten du, “industrial batek barruti-sarerako bere hondar-beroa emango liguke, eta etxe multzo batek, auzune batek, bero hori hartuko luke, bero-ponpa baten bidez berokuntza eta ur beroa emango litzaioke”.

Bere aldetik, Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, “nazioarteko proiektu hauek zentzu handiagoa dute eredugarritasun-helburu bat betetzen badute. Erakundeak dira arautzen dutenak, legeak ematen dituztenak energia-trantsizioari begira irizpideak lortzeko, eta erakunde horiek funtzio oso garrantzitsua dute aitzindari izateko, eta gero beste sektore batzuek aplikatuko dituzten berrikuntzaren eta teknologia berrien esparruan nondik norakoak markatzeko garaian.

Gakoa: bero-ponpak

Sareari lotutako bero-ponpak erabiltzea da proiektuaren gakoetako bat. District heating horretan integratutako eraikin bakoitzean instalatu dira ponpa horiek, noranzko bikoak dira, eta zirkuituak berokuntza-sistema gisa eta hozketa-sistema gisa funtziona dezala ahalbidetzen dute.

Bero-ponpek banaketa-sareko uraren tenperatura gehituko dute tenperatura ultra baxutik bulegoak edo gelak berotzeko maila termikoetaraino eta, funtzionamendu itzulgarria izan dezaketenez, district heating hori instalazioak girotzeko ere erabili ahal izatea ahalbidetuko dute bero-ponpek, hori beharrezkoa gertatzen den urteko garaietan.