Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatu du errepidean abenduko zubirako

0

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak kontuz eta erne ibiltzeko eskatu die gidariei, datozen jai-egunotan trafikoa areagotu egingo dela aurreikusten denez. Abenduaren 4tik, asteazkenera, abenduaren 8ra, bitartean Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak.

Arreta berezia izateko eskatzen da, batez ere, Araban Armiñongo lotunean (AP-1 zaharra eta A-1 lotzen diren lekuan), AP-8an Iparraldeko mugan eta A-8an Kantabriako mugan. Jai-zubian, Ertzaintzaren trafiko-unitateek ohiko zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte leku kritikoetan, segurtasuna zaintzeko eta, zerbait gertatuz gero, trafikoa arintzeko.

Joan-etorriak asko baldintzatuko ditu klimatologiak, baina egoera normalean uste da 235.000 joan-etorri baino gehiago izango direla Kantabriarako noranzkoan, 105.000 Iparralderantz eta 130.000 Armiñongo lotunerantz.

“Irteera horietako bakoitzean garrantzitsuena etxera itzultzea izaten da beti. Ustekaberik gabe ibili ahal izateko, funtsezkoa da kontuz ibiltzea, arreta galdu gabe gidatzea eta alkoholaren, drogen edo gure gaitasunetan eragina izan dezaketen botiken kontsumoa saihestea, bai eta bide-motaren araberako abiaduran eta inguruabarretara egokituta zirkulatzea ere”, azpimarratu du Sonia Díaz de Corcuerak.