Bizkaiko Aldundiak jostailu ez-sexisten aldeko Gabonetako kanpaina berritu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Gabonetan jostailu ez-sexistak oparitzearen aldeko kanpaina berritu du, irudi koloretsu batekin eta «Aukeratu ilusioak, baztertu opari sexistak / Elige ilusiones  con regalos no sexistas» leloarekin.

Kanpaina honetako materiala kartelek, pegatinek eta Olentzerori, Bizarzuriri edo Errege Magoei opariak eskatzeko gutun tradizionala idazteko erabil daitezkeen posta-txartelek osatzen dute, eta umeek jostailu-denda, ikastetxe edo erakundeetan lortu ahal izango dituzte.

Kanpaina gaur aurkeztu du jendaurrean Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Bilboko Juan Manuel Sánchez Marcos ikastetxean.

Laespadak azaldu duenez «jostailuak sozializazio-tresnak dira, eta horiekin ideiak, sinesmenak, gizarte-balioak, itxaropenak, beharrak eta jarduteko ereduak… eraikitzen dira».

«Kanpaina honen bidez jolasak eta jostailuak hezkidetzarako eta nesken eta mutilen arteko berdintasunerako tresna gisa bizitzako lehen urteetan duten garrantziari buruzko kontzientzia argia sortu nahi dugu. Jaiak direla eta, opariak pilatzen diren garai honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu gogoraraztea jostailuek ez dituztela betikotu behar gure haurren bizitza eta etorkizuna mugatzen eta baldintzatzen duten estereotipoak», gaineratu du.

Aitzitik, defendatu duenez, «berdintasunerako tresna bihurtu behar dute, umeen nortasuna benetan diren pertsonen arabera eraikitzen laguntzeko, askatasunean, aukera ugarirekin, genero-mugarik edo -baldintzapenik gabe». «Ez ditzagun mugatu umeen aukerak. Ez diezaiegun mugarik jarri euren ametsei, euren etorkizunari mugarik ez jartzeko», azpimarratu du.