Elisa Loncon Antileo doktoreak giza eskubideen René Cassin saria jasoko du, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik

0

Elisa Loncon Antileo aktibista eta politikari txiletarrak, asteazken honetan, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik, giza eskubideen inguruko 2021eko René Cassin saria jasoko du.

Pasa den abenduaren 10ean Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak iragarri zuenez, Loncón doktorea Carlos Martín Beristainen (2020ko René Cassin saria) ondorengoa izango da urtero Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defentsan nabarmentzen direnei ematen dien saria jasotzen dutenen zerrendan. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunean, Rodríguez Ranzek nabarmendu zuen Loncon doktoreak “bizitza osoan zehar balio batzuk defendatzeko orduan izandako iraunkortasuna eta dedikazioa” dituela bereizgarri, eta “eremu akademikoan ez ezik, Txileko komunitate indigenekiko gizarte-lanean ere nabarmendu” dela.

Elisa Loncón Convención Constitucional de Chileko presidentea da; akademiko maputxea da, hizkuntzalaria, aktibista eta politikaria, eta, oraintsu, Financial Times-ek munduko itzal handieneko 25 emakumeen artean aintzatetsi du.

Profila

Elisa Loncon Antileo Traiguén-en komunan jaio zen, Araucaníako eskualdean, Txile hegoaldean, 1963an, eta haurtzaroa eta nerabezaroa Lefweluan maputxeen komunitatean eman zituen. Bere bizitza- eta lanbide-ibilbidea giza eskubideen defentsaren eta haiekiko konpromisoaren inguruan antolatu da.

Autodidakta izan da irakurtzen ikasteko orduan. Ingeleseko irakasle-titulua lortu zuen La Fronterko Unibertsitatean, La Araucanían, eta graduondoko ikastaroak egin zituen Hayako Gizarte Ikasketen Institutuan (Holanda) eta Reginako Unibertsitatean (Kanada). Hizkuntzalaritzako magisterra lortu zuen, Iztapalapa UAM-I Unibertsitate Autonomo Metropolitarrean (Mexiko), Giza Zientzietako PhD-a Leidengo Unibertsitatean (Holanda) eta Literaturako doktoregoa Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan. Gaur egun, mapudungun-eko (maputxeen hizkuntza) eta ingeleseko irakaslea da, eta akademiko-lanetan dihardu Santiago de Chileko Hezkuntza Sailean (USACH). Halaber, Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan lanean dihardu, kanpo-irakasle lanetan, eta Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sarea koordinatzen du.

Giza eskubideen defendatzaile gisa egiten duen lanean, maputxeen herriaren eta Txileko jatorrizko herrien hizkuntza- eta kultura-desberdintasunak eta haien politika- eta lurralde-autonomia defendatzeko eta aitortzeko lan egin du. Elisa Lonconek kulturen arteko hezkuntza elebidunetik lan egin du zenbait espazio sozial, akademiko eta politikotan, eta Txileko plurinazionalitatea defendatu eta Txileko Estatuaren aurretik zeuden nazioak aitortzeko borrokatu da. Bere hautagaitza René Cassin sariaren epaimahaiari Cultura de Paz fundazioaren bidez iritsi zitzaion, eta EAEko, estatuko eta nazioarteko zenbait erakundek babestu dute.

René Cassin saria

Eusko Jaurlaritzak 2003an sortu zuen sari hau; urtero ematen da eta, haren bidez, jendaurrean aintzatetsi nahi dira giza eskubideen defentsan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeak. Sariak René Cassin jurista baionarraren izena du; hura Bakearen Nobel sariduna izan zen, 1968an, eta 1948ko Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile eta idazle nagusietako bat.

Honako hau da saridunen zerrenda:

2003            Hetaira elkartea

2004            Koro Erdozia Lasa

2005            Alec Reid eta Harold Good

2006            Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo elkartea

2007            Aranzadi Zientzia Elkartea eta Francisco y Catalina ontziko tripulazioa

2008            Desmond Tutu eta Rolf Meyer

2009            Marcos Ana

2010            María Oianguren eta Brigadas Internacionales de Paz

2011            Aminatou Haidar.

2012            BAKEAZ elkartea.

2013            Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea

2014            Adi-adian, Biktima hezitzaileak eta Glencree programetan parte hartu duten biktimak

2015            Frankismoaren sasoiko krimenen aurka auzitara jotzeko EAEko plataforman batutako EAEko biktima auzi-jartzaileak

2016            Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak eta Comunidad de San Egidio

2017            Sexual Minorities Uganda

2018            José Palazón eta Juan José Aguirre

2019            Federico Mayor Zaragoza

2020            Carlos Martín Beristain