Arabako ESIko larrialdi orokorrak AUO Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatzen dira

0

Osakidetzako Arabako ESIk beste kokapen bat izango du asteazkenetik, otsailaren 2tik, Larrialdi Zerbitzurako. Espazio berri honek, zabala, modernoa eta balio anitzekoa, hobekuntza ekarriko du, bai paziente eta senideentzat, bai profesionalentzat. Orain arte AUO Santiagon eta AUO Txagorritxun ematen zen Larrialdietako zuzeneko arreta guztia puntu berri honetara aldatuko da.

Arabako ESIko Larrialdietako Zerbitzuaren lekualdaketa astelehen gauean, otsailaren 1ean, egingo da, eta denbora-tarte horretan larrialdietako arretak ez du eraginik jasango. Espazio hau AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berriko (E eremua) -1 solairuan dago, Pediatriako Larrialdien ondoan.

Pazienteak AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikineko (E eremua) Larrialdietako atetik sartuko dira gune berri honetara, eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

Kokapen berri honek Arabako herritarren premiazko arreta berrantolatzea dakar; izan ere, espazioak box eta kontsulta gehiago ditu, azken belaunaldiko hornidura teknologikoa eta monitorizazio-sistema aurreratuak. Horren guztiaren ondorioz, pazienteen asistentzia-kalitatea eta erosotasuna nabarmen hobetuko dira.

Instalazio berrietarako sarbidea erosoa eta irisgarria da, bai autoz doazenentzat, bai garraio publikoan doazenentzat. AUO Txagorritxurekin komunikatzen diren autobus-lineak L2 Periferikoa eta L7 Borinbizkarra – Salburua dira, eta tranbiaz ere heldu daiteke Ibaiondorako noranzkoan.

Otsailaren 2tik aurrera, bere kabuz Larrialdietara joaten diren pertsonek AUO Txagorritxuko instalazio berrietara jo beharko dute. AUO Santiagon, Larrialdietako Zerbitzua ez da desagertuko, baina Arabako ESIko medikuek bideratutako pertsonak bakarrik artatuko dira edota 112 zenbakiarekin harremanetan jarri ondoren anbulantzia bidez bideratutakoak.

Larrialdi Orokorretako espazio berriaren ezaugarriak: 

  • 2 triaje-gela
  • 12 kontsulta (orokorrak eta espezializatuak)
  • Egonkortze-gela
  • Prozedura-gela
  • 39 box orokor (horietako 9 banakakoak)
  • 18 behaketa-box

  

Larrialdietako Laborategia

Urtarrilaren 13tik Larrialdietako Laborategia martxan dago Zerbitzu Orokorren eraikin berrian, Larrialdietako Zerbitzuaren ondoan, AUO Txagorritxuko E eremuko -1 solairuan, 120 m2-tik gorako azalerarekin.

Pediatriako Larrialdiak

Pediatriako Larrialdietarako sarbidea, orain arte AUO Txagorritxuko ate nagusitik egiten zena, asteazkenetik, otsailaren 2tik aurrera, Zerbitzu Orokorren eraikin berriko Larrialdietako atetik egingo da eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

Iñigo Urkullu Lehendakariak instalazio horietara egin berri duen bisitan nabarmendu zuenez, pandemiak Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat ahalegin berezia izaten ari den arren, osasun-zerbitzuaren kalitatea egunero hobetzeko eta instalazioak eta ekipamenduak hobetzeko lanean jarraitu dute.