Bizkaiko Aldundiak bilera-txanda hasi du eskualdeko eragileekin Turismo Estrategia 2030 programaren berrikuntzetan sakontzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak topaketa-txanda bat hasiko du martxoaren 2an gure lurraldeko eskualdeetako turismo-eragileekin. Bilera hauen xedea Turismo Estrategia 2030 programak dituen berrikuntzetan sakontzea eta, berrikuntza horietan jasotako edukiei erreparatuta, eskualdeetan sektoreak dituen garapen-aukerak alderatzea da. Topaketa horietan, gainera, eskualde bakoitzean turismoak azken hiru urteetan izan duen bilakaeraren diagnostikoa egingo da eta foru erakundeak sektorearen garapena bultzatzeko eskualdeetan egindako inbertsioen balantzea egingo da.

Bilera horien bidez Foru Aldundiak estrategia berria helarazi nahi die estrategia garatzen parte hartuko duten eragileei, estrategia horren oinarriekin bat egiteko aurrera eraman ditzaketen jarduera-eremuak zehazten has daitezen eta, aldi berean, eskualde bakoitzean sektorearen hazkunderako interesgarrienak zein diren definitu, baita etorkizuneko kezkak eta proiektu estrategikoak ere.

Bilera horietan Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua, Cristina Múgica, Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendaria eta Turismo Zuzendaritzako talde teknikoa egongo dira, eta baita udal turistikoetako alkateak ere. Horiek ez ezik, parte hartuko dute tokiko eta eskualdeko turismo-kudeaketako erakundeetako turismoko eta kudeaketako arduradun teknikoek ere.

Hasierako bilerak Getxon, Santurtzin eta Barakaldon egingo dira, hilaren 2an; martxoaren 9an  Urduña, Gorbeialdea eta Enkarterrirekin egingo dira bilerak, eta 10ean, Uribe, Urdaibai, Durangaldea eta Lea Artibairekin.