Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 1,38 milioi bideratuko ditu arte eszenikoen ekoizpen profesionalak diruz laguntzeko

0

Gobernu Kontseiluak onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 1.380.000 euro emango ditu arte eszenikoak ekoizteko dirulaguntzetan. Eusko Jaurlaritzaren helburua produkzio eszenikoa ahalbideratzen duten prozesu desberdinak finantzatzea da. Euskal konpainien sorkuntza-lana bultzatu nahi da.

Gaur onartutako laguntzetan lau modalitate daude:

  • Hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntzak: 225.000 euro bideratuko dira 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen edo hasten dituzten produkzioetara beti ere SAREA-Euskal Antzoki Sarearen antzokiren batean estreinatzen badira eta ondoren bira egiten badute.
  • Produkzioak I egiteko laguntzak: 175.000 euro erabiliko dira izaera profesionaleko lehen proiektuak, izaera berritzaile esanguratsua duten proiektuak eta berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako obrak laguntzeko.
  • Produkzioak II egiteko laguntzak: 280.000 euroko dirulaguntza 2022ko martxoaren 30aren ondoren eta 2023ko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzioen artean banatuko da.
  • Bi urteko jarduera eszenikorako laguntzak: 2022-2023 urteetan garatuko diren proiektu eszenikoak laguntzeko 700. 000 euro bideratuko dira beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko merkaturako zein kanpoko merkaturako birako plan bat zehaztuta badute.

Horrela guztira 862.000 euro bideratuko dira antzerki arloko laguntzetara eta 518.000 euro dantza arlokoetara.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da martxoaren 26tik aurrera.

Iaz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoen ekoizpenerako 37 diru laguntza eman zituen: hitzartutako zirkuituarekin egindako 5 ekoizpen lagundu ziren; ekoizpen eszenikorako 27 proiektu lagundu ziren; eta beste 5 laguntza eman ziren bi urteko jardunetarako.