Euskadi eta Kataluniak adimen artifiziala, 5G edo zibersegurtasun alorretan elkarlanean aritzeko aukera aztertu dute

0

Arantxa Tapia Garapen Ekomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Jordi Puigneró i Ferrer Kataluniako Generalitateko presidenteorde orde eta Politiques Digitals i Territoriko arduraduna, bi lurraldeak garatzen ari diren proiektu eta politikak elkarbanatzen aritu dira gaur goizean, Bartzelonako Mobile World Congressen.
Generalitatearen standean egindako bileran, presidenteordeak eta sailburuak aurrera egin dute lankidetza-esparruen identifikazioan, Adimen Artifiziala, Zibersegurtasuna edo 5G esaterako. Gainera, proiektu zehatzen gakoak partekatu dituzte, hala nola Euskadiko Banda zabal ultraazkarraren Behatokia edo droneetan eta 5Gan administraziorako kasu batzuen berrikuntza- eta hedapen-proiektuak.

Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta Leyre Madariaga Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak ere parte hartu dute bisitan, eta Kataluniak inbertsio-esperientzia aurkeztu du garatzen ari den nanosatelite batekin.

Euskadik, bestalde, duela urtebete baino gutxiago onartutako 2025eko Eraldaketa Digitalaren Estrategian jarri du fokoa. Gaur Puignero i Ferrerrekin eta bere lantaldearekin partekatu den estrategia honek, eraldaketa digitalerako eredu berri bat definitu du, Euskal Administrazio Publikoaren eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko harremana ulertzeko eta gauzatzeko modu desberdin bat proposatuz. Horrela, palanka teknologiko hasiberrien ezarpena bizkortu, garapena indartu eta Euskadik arlo horretan duen potentziala aprobetxatu nahi da. Estrategiaren azken helburua trantsizio teknologiko-digitalean, energia- eta ingurumen-trantsizioan eta Euskadik 2025erako aurre egin behar dion gizarte- eta osasun-trantsizioan laguntzea da.

IHOBEren ECORATING mundu osoan

Trantsizio digitala eta energetiko-klimatikoa batera doaz IHOBEk garatutako Eco Rating metodologian. Metodologia hori MWCren agertoki berean ere aztertu da.

Deutsche Telekom, Orange, Telefónica, Telia Company eta Vodafone telefonia-operadore garrantzitsuenek Eco Rating etiketaren emaitzak aztertu dituzte. IHOBEk garatutako etiketak aukera ematen die erabiltzaileei ingurumena gehien errespetatzen duten mugikorrak identifikatzeko eta alderatzeko eta, era berean, fabrikatzaileei beren gailuen eragin ekologikoa murrizteko.

Gailuen fabrikatzaileek emandako informaziotik abiatuta, 13 ingurumen-adierazle eta materialen eraginkortasun-6 irizpide konbinatuz egiten da ebaluazioa, gailu bakoitzerako puntuazio bakarra lortzeko. Horiek guztiak bizi-zikloaren ebaluazio koherente batean oinarritzen dira, modu zuzen eta objektiboan.

Eco Rating puntuaziorik altuenak (100 puntu) ingurumen-jarduera maximoa adierazten du; horrela, puntuazioa 100era zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta hobea izango da gailuaren ingurumen-errendimendua. Gainera, etiketatze-sistema berri honek funtsezko bost arlotan orientazioa eskaintzen du: iraunkortasuna, konpongarritasuna, birziklagarritasuna, eraginkortasun klimatikoa eta baliabideen erabileraren eraginkortasuna.