Lehenengo aldiz antolatu ditu Barakaldoko Udalak 10-14 urte bitarteko neskatoentzako autodefentsa feministako tailerrak doan

0

Emakumeen hilabetea da martxoa; erakundeek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde urte osoan egiten den lana indar handiagoz agerian uzten duten hilabetea. Eta, hain zuzen ere, horixe da Emakume Arloak aurten sustatu duen kanpaina berriaren eslogana: Benetako Berdintasunaren alde. Emakume Arloak berdintasunaren inguruan hilabete honetarako aurreikusi dituen ia bi dozena jardueren artean, autodefentsa feministaren aldeko apustua nabarmentzen da. Gazteentzako eta emakume helduentzako tailer berriekin iristeaz gain, lehen aldiz 10 eta 14 urte bitarteko neskatoei emango zaie. «Denbora asko daramagu lanean familiek egiten zizkiguten eskaerei erantzuteko», adierazi du Iratxe Foces Emakume Arloko ordezko zinegotziak. Barakaldok emakumeek hirian duten papera nabarmendu nahi du. Horretarako, emakume barakaldarrak protagonista dituen kanpaina bat ere jarri da martxan, laster ezagutzera emango dena.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak hilaren amaierara arte egingo dira. Aste hauetan zehar, autodefentsa feministako lau tailer antolatu dira. Lehenengoa, martxoaren 9an, asteazkena, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta autodefentsa emozionala du ardatz. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete topalekuetan edo 944 789 597 (goizez) edo 944 789 641 (arratsaldez) telefonoetan.

Horrez gain, autodefentsa feministako beste tailer bat egingo da Clara Campoamor Zentro Zibikoan martxoaren 11n eta 12an, Isabel Bernal psikologiako lizentziatu eta genero-indarkerian eta tratu txarretan adituak zuzenduta.   Izena emateko 010 telefonora deitu behar da.

Haurrentzako tailerrak Clara Campoamor Zentroan ere emango dira martxoaren 22an eta 23an 18.00etatik 20.00etara. «Tailer horiek berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutako hainbat kontzeptu erakutsiko dizkiete 10 eta 14 urte bitarteko neskatoei, baita eguneroko bizitzan aurre egin diezaieketen egoeretan nola jokatu ere, Fozasek adierazi duenez. Izen-emateak 010ean ere egin daitezke.

MINTZALDIAK ETA HITZALDIAK

Bestalde, ostiral honetan bertan, Bizkaiko emakumeen errepresio penala gerra zibilaren ostean:  Barakaldoko kasua izeneko hitzaldia emango du Mónica Calvo antropologo eta kazetariak Clara Campoamor Zentroan 19: 00etan.

Asteazkenean, hilak 9, 16:30etik 18:30era, Mikromatxismoak eta eguneroko desberdintasunak hitzaldia programatu da Clara Campoamor Zentroan.

Ostegunean, hilak 10, Word Café bat egingo da Barakaldoko Topalekuan, Gazteria Arloak antolatuta. Izen-emateak topalekuetan edo 944 789 597 (goizez) edo 944 789 641 (arratsaldez) telefonoetan egin daitezke.

Gainera, programazioak dantza, musika, antzerkia, erakusketak eta manifestu baten onarpena ere jasotzen ditu, udal webgunearen bidez zabalduko dena.